Hotz handia egiten du neguan Chicagon. Michigan lakuaren bestaldean Kanada dago, eta handik datozen iparreko haize hotzak desatsegin egiten dute eguraldia Windy City-n (hiri haizetsua). Antzera, hotz geratu ziren United Center pabiloi ezagunera larunbatean joan ziren zale sutsuak. 70 segundo eskas geratzen ziren Chicagoren eta Filadelfiaren arteko azken-laurdenetako lehen norgehiagoka bukatzeko. Eskura zeukan garaipena Illinoisko taldeak, baina kantxan jarraitzen zuen Derrick Rosek. Barneraldi bat egiten saiatu zen, bere jauzi bikaina baliatuz, baina hankak jartzean belaunak kale egin zion, eta oinazeak jota geratu zen Rose kantxa gainean etzanda. Mutu geratu zen pabiloia.
Mutu zaleak. Mutu Tim Thibodeau entrenatzailea eta taldekideak. Mutu esatariak. Traza txarra zeukalako belauneko bihurrituak. Igande goizean eman zuten diagnosia: belauneko aurreko lotailu gurutzatua txikitu zuen NBAko jokalari onenetakoak. Ondorioa, noski, agur denboraldiari, eta sei eta bederatzi hilabete arteko osatze prozesu larria. Eta lesioaren ostean, noski, iritziak, hausnarketak eta kritikak. Zorrotzak batzuk. Lock-out-ak 66 partidara mugatu duen denboraldia oso gogorra izan delako Derrick Roserentzat. Berrogei neurketa bakarrik jokatu ditu, sei aldiz min hartu baititu, hilabetean behin ia-ia: bizkarra, aldaka, belauna, orkatila…
Erritmo lehiaketa txikiarekin iritsi zen Rose kanporaketetara. Hilabete eta erdian bost partida bakarrik jokatu zituen, baina kanporaketetan ez dago bromarik. Izarrek jokatu egiten dute, herren badaude ere. Horregatik poltsikoratzen dituzte milioika dolar. 29 puntu, 9 errebote eta beste hainbeste asistentzia, horiek Rosek Filadelfiaren aurkako lehen deman zeramatzan estatistikak. Partida, esan bezala, erabakita, baina Rose, kantxan. Hautsi zen arte. Thibodeauri horri buruz galdetu zioten prentsa agerraldian, eta ironiaz erantzun zuen: «Ez nekien halakorik gertatuko zenik. Zuek, kazetariek, bazenekiten min hartuko zuela, dena dakizuelako gertatu aurretik».
Mezulariarena errua, askotan bezala. Kazetariaren galderek, ordea, badute funtsa. Rose ez zegoelako 40 minutu jokatzeko, are gutxiago hilabete eta erdia jokatu gabe egin ostean, eta zer esanik ez partida erabakita zegoela. Orain, dagoeneko, ez dago bueltarik. Zergatik belauna? Zergatik sei hilabeteko lesioa? Zerikusirik ba al dute beste lesioek? Ziur asko, bai, lesio batzuek jokalarien jarduera moldatzen dutelako eta neke handiagoa pilatzen gihar edo gorputzeko atal jakin batzuetan. Orain jakin da Rose orkatilan jartzen zizkioten hesgailuak min egiten ziotela-eta kexatu egin zela, eta medikuek eta fisioterapeutek adierazi dute jokalariaren hobe beharrez egin zutela. Nork du arrazoi?
NBAko David Stern komisionatuari ere galdegin diote hainbeste partida hain tarte txikian jokatu izanak eraginik izan ote duen. Zaleak Ricky Rubioren lesioarekin gogoratu dira, eta errua ia batere atsedenik gabeko egutegia agindu zuen ugazabari bota diote. Stern, ordea, zerbaitegatik dago aldarean, eta eroso atera da jarri nahi zioten ataka zailetik: «Sasoi arruntetan, belauneko 5,8 lesio larri izan dira azken urteetan batez beste, eta kopurua antzekoa izan da denboraldi honetan ere. Lau lesio larri gertatu dira; egutegiak ez du zerikusirik izan».
Adarrik gabe geratu dira zezenak, eta orain, egun pare bat igarota, zalantzak sortzen dituzte eraztuna lortzeko hautagai nagusiak zirenek. Inork ez du zalantzan jartzen Filadelfia aise gaindituko dutela lehen kanporaketan, eta agian Ekialdeko finalerdietakoa ere bai, Boston edo Atlantaren aurka. Chicagok maila bikaina eman du Rose gabe, eta sinesten ez duenarentzat, honatx zenbakiak, argitzeko: 32-7 Rose gabe, eta 18-9 Rose kantxan zela. Ezkorren akuilu, Rose gabe Chicago talde arrunta bilakatzen dela kanporaketetan. Ez dute arrazoirik falta. Defentsan sasoi osoan egin bezala jarraituko dute, bikain, baina nork hartuko du erantzukizuna erasoan? Luol Dengek? Rick Hamiltonek? Carlos Boozerrek? Horiek ez dira herrenak, baina Rosek, herren, hiru horiek baino gehiago jokatzen du.
Tontakeria galanta
Lesioak ezin dira aurreikusi. Datozen moduan onartu behar dira, baina kanporaketen hasierak hizketa gai franko eduki du kantxatik kanpo gertatu diren kontuengatik. Amare Stoudemirek bart goizaldean egindakoak ere prentsa orri ugari bete ditu. Miamiren aurkako bigarren partida galduta, aldageletara bidean su itzalgailua gordetzen duen kutxako beira jo zuen, eta eskuan ebaki larriak egin. Oso litekeena da Stoudemirek agur esan izana denboraldiari, bi partidatan kaleratuak izan baitaitezke amorrua kontrolatzeko ezinagatik.
Adarrik gabeko zezena
Ligako marka onena egin du Chicagok, Derrick Rosek 26 partida galduta ere; bere izarra gabe jokatu beharko du, hark belauna txikitu baitu kanporaketak hasi eta berehala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu