Gescrap Bizkaiak beste talde guztiek baino lehenago hasi du mugimendua. Klubean jarraituko ez duten jokalarien zerrenda jakinarazi zuen, aurrena, eta taldera iritsiko direnen izena eman, ondoren. Klubak ez du ofizialki baieztatu berria, baina Frantziako Catch & Shoot saskibaloi atariak jakinarazi du Adrien Moerman hegalekoak Bilbon jokatuko duela hurrengo denboraldian. Moermanek Nancyn, Frantziako Ligan jokatu du azken denboraldian —Entente Orleans liga bereko klubean aritu zen aurreko hiru sasoitan—, eta ezaguna da Bizkaiako zaleen begietara, bukatu den sasoian bitan jokatu duelako Fotis Katsikarisen taldearen aurka, Euroligan. 2,03 m luze da hegaleko zuria da Moerman, gaztea (23 urte), eta etorkizun onekoa, hirukoetan portzentaje onak dituelako. Fisikoki Marko Banicen tankerako jokalaria da, baina kanpotik jokatzeko jokaera duena, barrutik baino gehiago.
Webgunearen arabera, Moermanek hiru urterako sinatuko luke. Jasoko lukeen soldata, berriz, milioi euroaren bueltan ibiliko litzateke, hiru urteengatik. Moermanek 11,9 puntu eta 5,6 errebote lortu ditu, batez beste, Euroligan, eta Akin Akingbala pibot senegaldarrarekin batera, bera izan da Nancyko onena. Datu on bat azpimarratze aldera, Moermanek hirukoetan dituen portzentaje onak: %37,5 Euroligan, eta hobexeagoa bere herriko ligan: %38 (118 saio eta 45 barrura).
Webgune berak argitaratutako berrien arabera, Moerman ez litzateke Gescrapen agendan legokeen frantziar bakarra. Fabien Causeur eskoltari ere Bilbora etortzeko eskaintza egin omen dio klubak. Causeurrek Frantziako Ligako jokalari onenaren saria irabazi du, eta titulua lortzeko borrokan sartuta dago Le Havrerekin.
Adrien Moerman hegalekoa fitxatzear da Gescrap Bizkaia
Frantziarra da Moerman, eta Nancyn aritu da orain arte. 2,03 m luze da eta hiruko jaurtiketa bikaina du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu