VALENTZIA 3. ATHLETIC 2

Aduriz ez da nahikoa

Ander Herreraren inozokeria batek eta Undiano Mallenco epailearen lan eskasak sari barik utzi dute AthleticGaldu arren, talde zuri-gorriaren jokoa gora egiten ari dela ikusi da Mestallan

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Gola: 0-1: Adurizek (18. min.); 1-1: Soldadok penaltiz (26. min.); 1-2: Adurizek (30. min.); 2-2: Tino Costak (88. min.); 3-2: Valdezek (90. min.). Epailea: Undiano Mallenco. Txartel horiak: Valentziako Barragan eta Soldadori; eta Athleticeko Ekiza eta De Marcosi. Txartel gorria: Athleticeko Herrerari (68. min.). Bestelakoak: 35.000 ikusle inguru Mestallan.

Athleticek atzo Mestallan jokatu zuen partidak bi zati izan zituen. Baina ez ziren 45 minutukoak izan. Lehen zatiak neurketaren bi heren iraun zituen. 67 minutu. Ander Herrerak txartel gorria ikusi zuen arte. Asmatu egin zuen epaileak, Undiano Mallencok. Erdilari zuri-gorriak atzetik ostikada jo zion Tino Costari baloia euren ingurutik urrun zegoenean. Herrera kalera eta hamar jokalarirekin Athletic. Baina epaileari bigarren erabaki bat hartzea falta izan zitzaion. Izan ere, jokaldi berean Rami frantziarrak zamatik heldu baitzuen Herrera lurrera bota aurretik. Txartel gorri garbia zen, baina nafarra ez zen ausartu. Epaile txarra dela erakusten duen erabakia hartu zuen. Hau da, jokaldia ikusi, ikusi zuen, baina ez zuen ezer adierazi.

Beste behin, enegarrenez, Undiano Mallenco gurutzatu baitzen Athleticen bidean. Lotsagarria izan zen epailearen lana. Bai jokaldi horretan eta baita beste askotan ere. Esate baterako, neurketaren ordu erdia betetzear zenean Victor Ruizek area barruan baloia eskuaz jo zuenean. Penalti argia zen, baina jokoa jarraitzeko agindu zuen. Hori bai, hiru minutu lehenago Athletic zigortu zuen Ekizak bere arean gauza bera egiteagatik. Ba al du irizpiderik Undianok? Futbolaren onerako, ez dezatela gehiago Athletic zuzentzeko aukeratu. Aurrez ere sarri gertatu baita gauza bera.

Athleticek badu epailearen lana ezbaian jartzeko arrazoirik, baina baita Valentziak ere. Amorebietak Soldadori egindako penaltia argia izan baitzen oso. Beraz, duda barik Undiano izan zen neurketako protagonista nagusietako bat epaile on baten helburua zelaian gertatzen dena ez baldintzatzea izaten denean. Baina ez litzateke justua izango Athleticen porrotaren erru guztia epailearen bizkar jartzea. Herrerak ere merezi du egurra. Herrera delako taldeko izar nagusietako bat. Ingurukoentzat ispilu. Eredu. Eta gaztea izan arren, orain arte pilatu duen esperientziarekin ezin duelako burua galdu zuen moduan galdu. Epaileak egotzi zuen jokaldian izan zuen jarrera onartezina da. Ez da profesionala. Eta berak hartu zuen bidearen ondorioz galdu zituen Athleticek gertu ikusten zituen hiru puntuak. Eta jokoan zeuden hirurak izango ez baziren gutxienez bat irabazteko aukera paregabea galdu zuen. Izan ere, Athletic hamar jokalarirekin geratu zen arte ondo aritu baitzen. Ausart eta oldarkor. Garaipenaren bila. Marcelo Bielsari eta jarraitzaileei gustatzen zaien moduan. Tarte horretan bi areatan izan ziren aukerak, baina eraginkorrago agertu zen Athletic.

Bi gol talde ohiari

Aritz Aduriz izan zen zuri-gorrien protagonista. Mestallara itzuli zen neurketan bera izan zen onena. Hiru aukera izan zituen, eta gol bi sartu. Lehenengoa bikaina. Areaz kanpotik ezkerrez sartu zuen gola ederra izan baitzen. Bigarrena ez zen horren polita izan, baina berdin zion. Tarte horretan ondo jokatu zuen Athleticek eta jardunaldiz-jardunaldi hobetzen ari dela erakutsi. Horrek ez du esan gura Valentziak gehiago merez izan ez zuenik. Etxeko taldeak ere aukera onak izan baitzituen.

Lehen zatia baikor izateko modukoa izan zen. Bigarren zatia, azken hogeita bost minutuak alegia, sufrikarioa. Athleticek ez baitzuen defendatzen jakin hamar jokalarirekin. Valentziak estutu egin zuen, eta azken bi minutuetan bi gol sartu zituen. Tino Costak eskuinez eta Valdezek buruz. Azken hau ederra. Ondorioz, porrot mingarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.