129-92. Emaitzak zalantza gutxi uzten du Ameriketako Estatu Batuek Munduko Saskibaloi Txapelketako finalean erakutsitako nagusitasunaz. Txapelketa bikainari ginga ezin hobea jarri diote urrea eskuratuta, serbiarrek estatubatuarren erauntsiari begiratu besterik ezin ziotela egin.
Hirukoetan oinarritu dute AEBek finaleko garaipena. Besteak beste, sei jaurtiketatik seiak sartu ditu Kyrie Irvingek hiruko marratik. Guztira, hiruko hamabost jaurtiketa saskiratu dituzte. Ongi hasi du partida Serbiak, baina jada atsedenaldirako 67-41 zihoazen aurretik amerikarrak.
Turkian 2010eko munduko txapelketan eskuratutako garaipena errepikatu dute, beraz, AEBek. Bosgarren aldiz nagusitu dira munduko txapelketan.