Kobe Bryant, Kevin Durant eta Le Bron James AEBetako selekzioko izarrek ez dute hutsik egin eta estatubatuarren erregealdia luzatu dute beste lau urtez. AEBtako taldeak 107-100 gainditu du Espainia saskibaloiko finalean.
Pekingo Olinpiar Jokoetako finala errepikatu da berriro. Espainiako jokalariak emaitzari buelta ematen saiatu dira baina AEBen nagusitasunaren aurrean ezin ezer egin. Kevin Durantek (30 puntu) eta Lebron Jamesek (19 puntu) Kobe Bryant kapitainarekin batera taldea ederki gidatu dute, eta Espainiako defentsa sendoa gainditzea lortu dute. AEBetako jokalariek hiruko jaurtiketekin erabaki dute finala azkeneko laurdenean.
Pau Gasolek (24 puntu) eta Juan Carlos Navarrok (21 puntu) fin ibili dira, baina espainiarrek ezin izan dute estatubatuarren eraso azkarra gelditu. Olinpiar Jokoetako historian AEBetako selekzioak bere 14. urrezko domina lortu du.
Brontzea Errusiarentzat izan da, Argentina 88-71 gaindituta.
Fitxa teknikoa:
- Estatu Batuak (35+24+24+24): Chandler (2), Durant (30), James (19), Bryant (17) eta Paul (11) -hasierako bostekoa-, Westbrook (3), Williams (6), Iguodala (0), Love (9), Harden (2), Davis (0) eta Anthony (8).
Espainia (27+24+24+18): Pau Gasol (24), Rudy Fernandez (14), Navarro (21), Calderon (0) eta Marc Gasol (17) -hasierako bostekoa-, Sergio Rodriguez (7), Reyes (0), San Emeterio (0), Llull (5), Claver (0), Sada (0) eta Ibaka (12).