Euskal Herriko Itzulian maila harrigarria eman eta Erromandiako Itzulia irabazi ondoren, Italiako Giroan desagertuta zebilen Ilnur Zakarin (Katuxa), baina dotore agertu da, 11. etapan, Forli eta Imola artean. Hamahiru txirrindulariko ihesaldian sartu da lehenengo, Beñat Intxausti (Movistar) tartean zela, eta 24 kilometro falta zirela erasoa jo die iheskideei ere. Erlojupeko on-ona eginda, Katuxakoa bakar-bakarrik helmugaratu da, minututik gorako aldearekin. Atzean ere saltsa izan da, Rigoberto Uran (Etixx) erori egin delako lehenengo —tropelera iristeko gai izan da berehala—, eta Alberto Contadorrek (Tinkoff) erasoa jo duelako gero, zazpi kilometro falta zirela. Fabio Aru (Astana) ezinean geratu da lehenengo, baina faborito guztiak elkarrekin helmugaratu dira azkenean, eta sailkapen nagusian ez da izan aldaketarik.
Imolan hasi eta Vicenzan amaitu, hamabigarren etapa jokatuko da bihar, 190 kilometrokoa. Lau-laua da lehen zatia, baina gogorra amaiera, 800 metroko paretan amaituko delako etapa. %8,6ko batez bestekoa dauka azken kilometroak.