Agertzen denean, jenioa

Niels Albertek irabazi du Ziklo-kroseko Munduko Txapelketa, belgikarren erakustaldia dotore biribilduta

unai zubeldia
Donostia
2012ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Ez eskatu orekarik edo jarraitutasunik. Ez eskatu etengabeko loraldirik. Baina gozatu tartekako printza horiekin. Horixe dauka Niels Albert belgikarrak. 25 urterekin —datorren igandean beteko ditu 26— txirrindulari ezberdina da. Agertu eta desagertu egiten da. Piztu eta itzali. Denbora tarte txikian onena eta txarrena egiteko gai da. Baina, onean, harrigarria da daukan talentua. Jenioa da. Itzali antzean zebilela irabazi zuen Belgikako Txapelketa, hondar gainean. Eta Munduko Kopan ezer askorik egin gabe zegoela irabazi zuen herenegun Munduko Txapelketa, Koksijden (Belgika), hondar gainean hori ere. Modu harrigarrian. Belgikako selekzioko zazpi txirrindulariak sailkatu ziren lehen zazpi postuetan. Baina belgikarren erakustaldiaren buruan, pare bat koska goitik ibili zen Albert.

Lehen itzulitik kolpea eman, eta nahi izan zuen moduan menderatu zituen aurkariak belgikarrak —lehen itzuli hori 6.40 minutuan amaitu zuen Albertek, eta zazpi minutu behar izan zituzten gainerako faboritoek—. Albertek jantzi du Zdenek Stybar txekiarrarena zen ortzadar maillota, bigarrenez, orain dela hiru urte ere kolpea eman zuelako, 22 urterekin. Ez Stybar, ez Sven Nys eta ez Kevin Pauwels. Inor ez zen gai izan Alberten gurpilari jarraitzeko. Gaixotuta ibili zen Stybar bezperan, eta 13. postuan amaitu zuen; indarrez makal, 7. postu tristearekin etsi behar izan zuen Nysek; eta Munduko Kopa irabazi berritan, hirugarren postu apala eskuratu zuen Pauwelsek. Hiru horien hutsak baliatuta, Rob Peeters belgikarrak eskuratu zuen zilarrezko domina.

Murgoitioren erorikoa

Inoiz baino sasoikoago joan zen Egoitz Murgoitio Koksijde aldera, lehen hamabosten artean toki txiki bat bazeukala sinetsita. Baina bosgarren pedalkadarako lurrean bueltan zebilen abadiñarra. Oso zorte txarra izan zuen, katea hautsi eta kolpe handia hartu zuelako. Minutua betetzerako, beraz, Munduko Txapelketatik kanpo geratu zen bizkaitarra. Javier Ruiz de Larrinagak eta Aitor Hernandezek, berriz, ikaragarri sufritu zuten. Hiru itzuli galduta, 41. postuan amaitu zuen Ruiz de Larrinagak; eta sei itzuli galduta, 52. postuan Hernandezek.

Albertek gizonezkoetan egin bezala, emakumezkoetan erakustaldi handia eman zuen Marianne Vos herbeheretarrak. Irteera kaskarra egin arren, lehen itzulitik bakar-bakarrik geratu zen lasterketa buruan, eta, bi huts handi samar gorabehera, erraz eskuratu zuen denboraldiko hamaseigarren garaipena jarraian. 24 urte baino ez dauzka Vosek, eta laugarrenez jarraian irabazi du Ziklo-kroseko Munduko Txapelketa—bost garaikur ditu guztira—; ziklo-krosa eta errepidea uztartuta, zortzi Munduko Txapelketa dauzka irabazita. Daphny Van den Brand herrikideak lortu zuen zilarra, eta Sanne Cant belgikarrak brontzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.