Leitzako kaleetan jendeak zoriondu egiten du. Pozik daude Abel Barriola (Leitza, Nafarroa, 1978) berriz final batean dagoelako. Kuadrillakoekin afaria du gero, eta elkarrizketaren aurretik adarra jo diote elkarteko atarian. Txoko polita dute, ondo jarria, mahai inguruan eseri eta solaserako egokia.
Hura zen zorion aurpegia finalerako sailkatu zinetenean…
Oso pozik nengoen. Pilota munduan daramatzan urte hauetan binakako finala jokatu gabea nintzen, duela hiru urte jokatzen utzi ez zidatelako. Urteak aurrera doaz, eta gero eta zailagoa da finaletan sartzea. Horregatik egin zidan hainbeste ilusio.
Hasiberriak ematen zenuten.
Final batera iristea beti da zaila. Pilota dominatzen duten pilotariak Irujo eta Olaizola II.a dira, eta horientzat, agian ohitura bat da finaletan sartzea, baina argi dut haiei ere kostatzen zaiela, eta besteei zer esanik ez. Ni orain noizean behin iristen naiz final batera; albistea da, eta egun hartan nire poza eta Juanena elkartu ziren. Juanek oso modu beroan sentitzen du pilota, eta badakit gaizki pasatu duela bere eskuarekin.
Hain gaizki pasatu du?
Pilotari bati gerta dakiokeen gauzarik okerrena lesio bat da. Eskuko mina duzunean, esku bat moztu izan balizute bezala da. Lesioa hobera doala ikustea bultzada moral handia da. Aldiz, lesio batekin bueltaka bazabiltza, hobera eta txarrera, hobera eta txarrera… horrek asko higatzen zaitu. Txapelketa ikaragarria egin ondoren, Juani finalerdietan iritsi zaio fase hori, eta horrek emozionalki asko higatu du. Profesionalak gara, bai, baina halakoek ere eragiten dute.
Txapelen lehiatik kanpo zeundela pentsatzera iritsi al zinen?
Une txarrak eta onak egoten dira, eta nire kasua ez da ezberdina. Duela bi urte inguru, bolada txar bat izan nuen: pilota ezin nuen mugitu, ez nuen neure burua ondo ikusten, entrenamenduetan nire onena ematea kostatzen zitzaidan… Denbora igaro, eta ez nuen erregulartasunik lortzen, eta buruari bueltak ematen nizkion. Nik beti eman izan diot garrantzi handia prestakuntza fisikoari, eta aldatzea erabaki nuen, eta pixkanaka konfiantza berreskuratu dut, eta denboraldi honetan nire onena ematen ari naiz.
Zein aldaketa egin duzu?
Josu Irigoienekin jarraitzen dut, eta biok garrantzi handia eman izan diogu indarrari, pisuak altxatzeari. Eta iritsi zen momentua lan hori ez nuena bereganatzen. Prestaketa egiten baduzu, hobetzeko egiten duzu, baina nik ikusten nuen behera egiten ari nintzela. Beraz, lana berriz aztertzea erabaki genuen, eta orain hobeto sumatzen dut neure burua.
Urteek zerbait ona badute, burua hobeto ezagutzea da.
Adinean gora joateak alde on eta txarrak ditu, argi. 22 urteko Zabaleta, Albisu, Merino… horien besoen freskotasuna ez duzu, baina bai esperientzia. Partida guztiak ezberdinak direla dakizu. Nire estiloa ez da aldatu, baina dohain batzuk galdu eta beste batzuk irabazi ditut. Duela sei urte orain baino askoz pilota gutxiago baztertzen nuen. Halakoak oharkabean azaleratzen dira, azken finean, irautea da.
4 urte finalik gabe luze egin al dira?
Lehen Mailako 11. finala da, eta egia da urte batzuk egin ditudala finaletik kanpo. Baina ez nau itsutu; helburua sasoi onean egotea da, hori lortzen baduzu goian egoteko aukerak handiagoak dituzulako.
Ospakizuna lotu duzu? 35 urterekin kontu hauek ezberdinak dira…
Ez dut pentsatu [barrez]. Egia da garaiak aldatu egin direla, eta uste dut alde horretatik doala galdera. Ondo oroitzen naiz lehen finalekin. 21-22 urte nituen, lagunek ere bai, eta buruan genuena ondorengo ospakizuna eta parranda zen. Zerbait berezia zen, zerbait berria, eta polita: finala, giroa, afaria… Orain egia da belaunaldi hori aldatu egin da, eta ni ere bai. Urko lagunak hiru alaba ditu, besteak semea…
Orain zalantza da igandean seme-alabak zeinekin utzi!
Hala da [barrez]. Orokorrean guztien lehentasunak aldatu egin dira. Nire lagunak pilotazaleak dira, baina beste lehentasun batzuk dituzte orain.
Mugitzen duzu jendea oraindik? 200 sarrera eskatu dituzu. Emango dituzu denak?
Lagun batzuk ditut sarrera kontuak eramaten, eta hori eskertzekoa da. Afaria ere eurek antolatu dute. Ez dakit zenbat joango garen, baina ziur giroa egongo dela. Nik, herrian zein kuadrillan, beti animo hitzak jaso ditut, eta une txarretan lagunak izan dira. Final honetan ere eurak ditut buruan.
Azken zazpi finalak galdu egin dituzu. Zer pentsatua ematen al dizu?
Egia esan, horrek ez dit ez inolako kezkarik sortzen, ez dira zama bat. Urteak aurrera doazen heinean, egunerokoan pentsatzen duzu, gero hilabetekoan, eta gero urtekoan. Mugak hurbil jartzen dituzu. Nik galdetu izan diot neure buruari: «Eta nire ibilbidea bihar bertan bukatuko balitz?». Orain final bat jokatuko dut, baina besterik jokatuko ez banu, ere ni pozik nengoke egindakoarekin. Hamar final jokatu ditut, 11 honekin, eta niretzat, ohore bat izan da goikoen artean lehiatzea. Tristura handiak ere eraman ditut, eta hori bizitzaren parte da. Pilotan eta bizitzan irabazten eta galtzen jakin behar da.
Galtzea ere pilotan parte bat da. Bietako batek galtzen du beti.
Hori hala da. Finalak galdu ditut, baina nire onena eman badut, ez dut lotsarik. Galdu badut, zerbait falta izan zaidalako galdu dut, eta agian ezgai hutsa naiz, ez bainaiz iritsi. Askotan esaten da: «Finaletan ez zara plazagizona». Bada, agian ez naiz plazagizona finaletan; gabezia hori izango dut; zer egingo diot! Aurrera egin behar dut berdin-berdin. Orain hau diot, baina egia da final bat galtzen duzunean, zure bizitzan gerta daitekeen gauzarik okerrena final hori galtzea dela. Orain badakit irabazi edo galdu egingo dudala, eta irabazten badut poz ikaragarria izango dela, eta galtzen badut ez dela tragedia izango.
2011n ez zizuten ezta galtzen ere utzi. Hura ere binakakoan izan zen.
Kantxan irabazitako zerbait izan zen, Xalak eta biok, eta horregatik eman zidan hainbeste min. Nik ez diot inori azalpenik eskatu. Ez zen azalpen kontua, ezin duzu finala jokatu, eta kito, baina ezin duzu arantza horrekin betiko bizi. Orduan oso gaizki pasatu nuen, baina aurrera egin behar da, eta aurrera egiteko adorea izan dut. Hainbeste final atzeratu direnean hura ez atzeratzea ez zen bidezkoa izan, baina tira, iragana da.
Aurtengoa hasieran zehazturiko baino astebete geroago jokatuko da. Xaxatu al zaitut?
Ez. Alderantziz, kasu honetan nire bikotekidearengatik izan da, baina Olaizola II.a eta Aretxabaletarengatik izan balitz, txalotu egingo nuke. Pilotazalea berezia da alde horretatik, pilotazaleak hor egotea irabazi duen pilotaria ikusi nahi du kantxan. Eta ez badute atzeratzen, ez dezatela inoiz egin, baina ez zait bidezkoa iruditzen batzuekin egitea eta beste batzuekin ez.