Agirre ariko da Leizaren ordez

Lemoakoaren lesioa ez da hain larria, eta litekeena da final-laurdenetako lehen partida jokatu ahal izatea

Imanol Magro Eizmendi.
2007ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Asegarcek esperientziaren eta pilotarien elkar ulertzearen alde jo du Iñigo Leiza ordezkatzeko. Imanol Agirre izango da Lemoakoa ligaxkako azken partidan ordezkatuko duena. Dirudienez, Leizaren lesioa ez da hasiera batean zirudien bezain larria, eta litekeena da final-laurdenetarako lehen partidarako sendatzea.

Asegarceko mediku eta fisioterapeutek atzo aztertu zuten Iñigo Leizaren ezker orkatila. Larunbatean Iñigo Simon medikuak sendatzeko hiru edo lau aste beharko zituela esan zuen, baina atzo baikorragoa izan zen. Bi egunetan orkatilako hanturak nabarmen egin du behera, eta tratamendu egokiarekin bi aste nahikoak izan daitezke sendatzeko.

Pilotariak medikuaren hitzak berretsi zituen atzo, azken bi egunetan mina asko arindu zaiola onartu baitzuen. «Uste baino hobeto doa, ziurrenik kanporaketetako lehen partidarako jokatzeko moduan egongo naiz, eta horrek asko lasaitu nau». Leizak orkatila bihurritu zuen iragan ostiralean, eta zortea izan du, ez baititu lotailuak mindu.

Asegarcek Imanol Agirre aukeratu du Leiza ordezkatzeko. Bi ziren hautagaiak, Arteako aurrelaria eta Ekaitz Saralegi, eta enpresak ez du arriskatu. Halere, ez da harritzekoa Agirre hautatu izana, hilabeteak baitaramatza maila onean jokatzen. Horren ondorioz, azkenaldian hirugarren partidetako erbestealdi ulertezina albo batera utzi du. Dena den, esanguratsua da ere azken hiru partidak Saralegiren aurka galdu izana.

Sasoiko egoteaz gain, Agirre eskarmentu handiko pilotaria da, eta ondo baino hobeto ezagutzen du txapelketa. Zearrarekin primeran konpontzen da gainera. Lagun minak dira, eta askotan jokatu dute elkarrekin, eta hori garrantzitsua da ordezkapen laburra egiteko. Pilotariak gogo onez jaso zuen albistea. «Pozgarria da horrelako albisteak jasotzea, hor jarraitzen duzula eta zutaz ahaztu ez direla erakusten baitu. Partida bakarra edo gehiago izan aukera baliatu nahi dut».



XALA BAI, IRUJO AKASO. Lesioek Asegarce gogorrago kolpatu duten arren, Aspen ere eman dute zeresanik. Alde horretatik albiste gazi-gozoak jaso ditu Eibarko enpresak asteburu honetan. Xalak, azken orduko eragozpenik ezean, astelehenean jokatuko du. Irujo, ordea, kolokan dago larunbaterako.

Xalak txapelketaren aurretik hartu zuen min gerrian, eta astelehenean ekingo dio binakakoari. Iragan astean proba egin zuen Atanon Baleztenarekin batera, eta oso ondo sumatu zuen bere burua. Aste honetan egingo du azken proba, baina ez dirudi jokatzeko arazorik izango duenik. Enpresa ere uste berekoa da, keinu argigarria baita Chafee, bere ordezkoa, hasiera batean atzo Tolosan jarri izana.

Irujoren kasua ez dago hain argi. Iberokoak eskuin eskua mindu zuen duela bi asteko partidan, eta larunbatean mina areagotu zitzaion. Atzo, ordea, Pedro Ugarte Aspeko masajistarekin egon zen Logroñon, eta onura nabarmena sumatu zuen. Irujo larunbatean jokatzeko moduan egongo da, baina baliteke badaezpada ere atseden hartzea, eskua kanporaketetarako ondo izango duela ziurtatzeko. Jokatuko ez balu, litekeena da Eugik edo Capellanek betetzea bere hutsunea. Bestalde, Aimar Olaizolak errekuperatze lanetan jarraitzen du, eta beste erresonantzia magnetikoa egingo diote etzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.