Kirol ibilbide ederra izan dut. Askotan galdu dut, askotan irabazi, lagun asko egin ditut, eta ez dut gogoratzen etsairen bat dudanik. Oso gogorra da zoriontsu egin didan zerbait uztea, are gehiago jarraitu egin nahi nuelako. Baina gorputzak ez dit uzten. Zaila da buruak pentsatzea aurkari bat gainditu dezakezula eta gorputzak ezetz esatea». Ronaldo Luis Nazario Limaren hitzak dira. Futbolari brasildarrak atzo iragarri zuen erretiroa hartu duela, 34 urterekin. «Zenbait arrazoi garrantzitsu» argudiatu ditu erabaki hori hartzeko, batez ere hipotiroidismo gaitzak sortutako lesioak. Behartutako erretiroa da, Fenomenoak jokatzen jarraitu nahi zuelako. Baina gorputzak «nahikoa da» esan dio.
Brasilen hartu du erretiroa Ronaldok, orain hemezortzi urte haren ibilbidea hasi zuen herrialde berean. Cruzeirorekin egin zuen debuta 1993an, 16 urte eskas zituenean. Han hasi zen nabarmentzen, golak barra-barra sartzen. Azkar egin zuen jauzia Europara. PSV Eindhovenek aurrea hartu zien talde indartsu askori. Herbehereetan, baina, bi urte eskas egin zituen. 50 partidetan 48 gol sartu ondoren Bartzelonak fitxatu zuen, hamabost milioi euroren truke. Han berean jarraitu zuen: 47 gol sartu zituen 49 partidetan, tartean Compostelari sartutako gol gogoangarria. Bartzelona, baina, egonaldi laburra izan zen, urtebete eskasekoa. Inter Milanera joan zen, Massimo Morattik konbentzituta. Lehen bi sasoiak ikusgarriak izan ziren, baina azkar hasi zen haren gurutze bidea lesioekin. Lehena, 1998ko Frantziako Munduko Kopan izandakoa. Ronaldo zorabiatu egin zen Frantziaren aurkako finala baino ordu batzuk lehenago. Gertaera horrek ukituta utzi zuen. Haren distira noizbehinkakoa egin zen. Baina okerrena iristeko zegoen. 2000ko apirilaren 12a. Ronaldok ez du inoiz ahaztuko egun hura. Eskuin belauna txikitu zuen Lazioren aurkako Kopako partidan. Ondorioa, ikaragarria: urtebete jokatu gabe. Itzuli zen, baina jada ez zen lehengoa.
2002ko Japonia eta Hego Koreako Munduko Kopa, baina, mugarri izan zen. Suspertu egin zen, eta haren golek txapeldun egin zuten Brasil. Izan zuen beste saririk: bigarren Urrezko Baloia irabazi zuen, eta Real Madrilekin sinatu zuen. Han galaktikoen kide izan zen, eta markak lortzen jarraitu zuen: laugarren aldiz aritu zen Munduko Kopa batean, eta txapelketa horretako historiako golegile onena bilakatu zen Alemanian, hamabost golekin.
Horrek guztiak, ordea, gutxirako balio izan zion Madrilen. Haren osasun arazoak —pisuak eragindakoak bereziki— gero eta gehiago ziren. Gainera, iritsi zen une bat non haren inguruko berriak gehiago ziren kirolaz kanpokoak kirolekoak baino. Real Madrileko arduradunak nazkatu egin ziren berarekin, eta Milanera saldu zuten 2007ko hasieran. Alferrik. Italian ere ez zuen aparteko ezer egin. Halere, Europako talde indartsu askok harenganako interesari eusten zioten. Baina Ronaldo nekatuta zegoen. Lasai jokatu nahi zuen, presiorik gabe. Eta non hobeto, Brasilen baino. 2008ko urte amaieran itzuli zen etxera, Corinthiasera. Eta talde horretan aritu da ordutik, joan zen asteburuan Libertadores Kopatik kanpo geratu eta erretiroa hartzea erabaki zuen arte.
Agur 'Fenomenoari'
Ronaldo Luis Nazario Lima brasildarrak erretiroa hartu du 34 urterekin, hipertiroidismo gaitzak behartuta; ibilbide bikaina izan du aurrelariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu