TXIRRINDULARITZA. MUNDUKO TXAPELKETA VERONAN

Agur hunkigarriaren zain

Joane Somarriba bere kirol ibilbidea bukatzear dela arituko da gaur erlojupekoan, eta domina bat lortuta bukatu nahi du; ez du lan erraza, ibilbidea ez delako gogorregia, baina jarduneko txapelduna da eta iazkoa berdintzen saiatuko da

Andoni Urbistondo.
2004ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Joane Somarribak sekulako kolpea hartu zuen Atenasko Olinpiar Jokoetan. Erlojupekoa bukatu eta zazpigarren postuan bukatu zuela jabetu eta negar batean hasi zen, dominek, podiumak, ihes egin ziotela onartu ezinda. Ramontxu senarrak lagundu zion egoerari buelta ematen. Erantzukizun guztia bizkar gainean hartu eta aurrera egitea beste erremediorik ez zeukala adierazi zuen.

Hilabete eta erdi pasa da egun hartatik. Somarribak aste biko atsedena hartu zuen. Ez zuen neke fisikorik, baina bai burukoa. Atenasen gertatu zitzaiona ahazteko beharra zeukan. Entrenatzeari ekin zion gero, gozo-gozo aurrena, eta azken bi asteetan oso gustuko duen parajean, egon da, Navacerrada gainean(Madril, Espainia), sasoia fintzen. Sopelakoa ez da lehiatu etazaila da jakitea bete-betean dagoen edo ez. Atenasen korritu aurretik bere burua ondo ikusten zuela esan zuen Somarribak, lorpen handiren bat erdiesteko itxaropena zuela.Veronan lor dezakeenari buruz, egin dezakeenari buruz zehaztapen gutxi eman du. Zuhurtasun handiarekin mintzatu da. Sasoi on-onean ez dagoelako izan daiteke, edo dominaren bat lortzen ez badu, kolpea samurragoa izateko.Somarribak gertu du agurra. Garbi azaldu ez badu ere, kirol ibilbidea bukatutzat emateko gogoa dauka. Ama izan nahi du eta horretarako derrigorrezkoa da txirrindularitza profesionala alde batera uztea. Aitortu ez badu ere, badaki Veronakoa izan daitekeela bere azken hitzordua profesionaletan. Larunbatean errepideko proba korrituko du, baina badaki han postu ona lortzeko aukera gutxi duela, gaurko erlojupekoan baino askoz aukera txikiagoa. Somarribak oroitzapen gozoa emango dion lorpen bat nahi du, eta gaur du aukera ona (15:15). Zalantzak zalantza, jarduneko munduko txapelduna da, eta iaz Hamiltonen lortutako txapelketa errepikatzen ahaleginduko da.Erlojupekoko ibilbidea ez da ona Somarribarentzat. Luzera aproposa da, 24 kilometro, baina euskaldunak min handiagoa egin dezake ibilbide gogorretan, eta Bardolinokoa ez da gogor-gogorra. Badu aldaparen bat, baina ez ordokizale petoak asko zigortzeko adinakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.