Lau t'erdiko txapelketa bukatu zela, ez da astebete pasatu oraindik, eta atsedenik hartzeko batere betarik gabe, binakako txapelketa hasiko da gaur, Sestaon. Joan den igandeko protagonista nagusiarengan egongo dira begirada guztiak iltzatuta; Aimar Olaizolak txapela irabazi ondorengo lehen partida jokatuko du, Mikel Beroiz ondoan duela. Pablo Berasaluze eta Jon Ander Albisu izango dituzte aurkari.
Momentua gozatzeko denbora gutxi izan du Goizuetakoak. Are eta gutxiago binakakoa bera prestatzeko. Txapelketa honetako Asegarceren apustua izan da Olaizola II.ak eta Beroizek osatutako bikotea, eta eurak dira gaurko partida irabazteko faboritoak. Albisuk, baina, lehen binakako txapelketa du, eta itxura ona eman nahiko du ziur.
Inoizko txapelketarik luzeena izango da: gaurtik apirilaren 29ra. 60 partida jokatuko dira guztira. Txapelketako finalean aritzeko beste bikote faboritoak, Irujok eta Barriolak, bihar egingo du debuta, Iruñean, Labriten. Titin III.a eta Merino izango dituzte aurkari. Igandean Bengoetxea eta Apraiz ariko dira Eibarren, Arretxe eta Beginoren aurka. Astelehenean, berriz, Xala eta Laskurain Lasa eta Zubietaren aurka ariko dira, Beotibarren.
Aimar Olaizolak txapelaren ondorengo lehen partida jokatuko du gaur, Sestaon
Binakako txapelketako lehen partida izango da, eta Beroizekin ariko da, BerasaluzeVIII.aren eta Albisuren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu