Kaskoaren ertza jo zuen pilotak. Zuzen zetorrela gogoan dut, eta zortez kaskoa jo zuen. Pixka bat beherago jo izan balu... Ez dut pentsatu ere nahi». Bizitza jarrera kontua da, eta ia edozein egoera modu ezberdinetan azter eta onar daiteke. Garikoitz Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1975) modu baikorra aukeratzen du atzera begiratu eta bere pilotari bizitza aldatu zuen unea gogoraraztera behartzen dutenean: «Okerrago izan zitekeen. Hori bai, kolpe latzena gero jaso nuen, erremontean ezingo nuela jarraitu jakin nuenean». Haren kirol ibilbideari, baina, azken atala falta zaio, ez baitzuen behar bezala agur esan, eta etzi jasoko duen omenaldian jasoko ditu Galarretaren azken txaloak. «Enpresak eginiko aitortza bat da, eskertzekoa. Akaso hunkituko naiz, ez nago halakoetara ohituta, oroitzapenak etorriko dira...».
Eguberri eguna zen, 2009koa, eta Altuna Galarretako kontrakantxan zen. Hark Urko zuen lagun, eta Zeberio II.a eta Aizpurua II.a ziren aurkariak. Azken horrek errebote garbi bat bueltatu eta begi gainean jo zuen. Ziplo erori zen, baina ez zuen konortea galdu. «Dena ondo dut gogoan, 29-28 galtzen ari ginen», zehaztu du.Bertan hasi zen ezkerreko begia sendatzeko sei hilabetez luzaturiko mediku eta espezialista dantza. Bi ebakuntza egin zizkioten, eta pilota utziko beharko zuela esan. Eguneroko bizitzarako ez du arazorik; esaterako, autoz joan da BERRIArekin Galarretan eginiko hitzordura, baina ez pilotan aritzeko adina. «Arra kentzeko lagunekin erraketetan aritzen naiz, eta nabaritzen dut», aitortu du.
Hamalau urte eta erdi «dotore» egin zituen profesionaletan, eta bizitza erabat aldatu zaio. «Pilota dena zen, astean hiru partida, entrenatu... Falta sumatu baino, inbidia ematen dit egunkarietan kideen berri irakurtzeak, hori ezin dut ukatu». Urte arrakastatsuak izan dira gainera, estelarretan igarotakoak, binakako bi txapel eta bost finalekin. Altunak, baina, erregulartasuna goratu du. «Maila onean jokatu dudala uste dut, partida nagusietan beti, Zeberio eta Ezkurraren aurka, hortaz nago harro. Ibilbide guztia kontuan hartuta, gainera, galdu baino partida gehiago irabazi ditut». Esandakoa demostra dezake, aitak haren partida guztien emaitzak idatziak baititu koaderno batean. «Debuteko urtekoak falta zitzaizkion, eta nik esan nizkion, uztailean debuta egin eta 33 irabazi eta 25 galdu nituen. Duela gutxi egon nintzen kontuak ateratzen, eta %57 dira irabazitakoak». Etzi itxiko du koadernoa, omenaldiko argazkiarekin.
Imanol anaia zaharrari segika hasi zen erremontean. Aitak bazuen afizioa, eta anaia jokatzen ikusteak egin zuen beste guztia. Ordura arte maila onean jokatzen zuen eskuz, behe mailetan pare bat GRAVN torneo irabazitakoa da, eta ondo du gogoan Xabier Imaz eta Asier Olaizola zirela bere aurkariak. Baina erremonteak liluratu zuen, eta lehen urteetan miretsitako pilotariekin topo egin zuen. «Nire idoloa Kike Elizalde zen, eta ohore bat izan zen haren aurka jokatzea. Hura jokatzen ikusita asko ikasten zen, eta zortea izan zen harekin aritzea. Aurrerago Ezkurra eta Zeberio,ohorea izan da ere bai».
Galarretako aldagela santutegi txiki bat da, bere kode eta toki finkoekin, eta gogoan du sartu zen lehen eguna. «Beteranoekiko errespetu handia genuen. Norbaiten tokian eseriz gero, beste puntara bidaltzen zintuen, eta isilik gainera, bestela, entzun behar... Hori urteekin galdu egin dela iruditzen zait». Altunak ere bazuen noizbait beterano izateko itxaropena, ondo jardunez gero ibilbide luzea egin zezakeela baitzekien. Eta haren ustez, azkenak izan ziren urterik onenak. «Nire urte onenak azken hiru edo laurak izan ziren, gustukoen jokaturikoak, eta maila txukunenean aritutako». Urte horietan arlo fisikoa zehatz prestatu zuen, eta Tximist-en aginduetara Anoetan biltzen zen pilotarietako bat zen, Oier Mendizabal eta Mikel Unanue, edota Mikel Egiguren eta Imanol Lopez puntisten alboan.
Eta aurrera begira, zer? «Bizi berri bat, momentuz lan bila nago, eta semeak zaintzen». Galarretan ikusiko dutela dio, hurrengo aukera etzi, eta amezketarrez inguratuta egongo da, udalak dohaineko autobusa antolatu baitu. Eta erremonte irakasle? «Gustatuko litzaidake, zergatik ez? Baina oraindik lan kontuak nondik joango diren ikusi behar dut».
Aitak koadernoa itxiko du
Hamalau urte «zoragarri» erremontean aritu ondoren, buruan jasotako pilotakada baten erruz hartu behar izan zuen erretiroa Altuna II.ak, eta etzi egingo diote merezitako omenaldia, Galarretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu