Aitor Zubietak 2019ra arte luzatu du kontratua Asperekin

Kontratu luzeena duen pilotaria bihurtu da, eta orain Abel Barriolarena luzatzea da Eibarko enpresaren asmoa

Zubieta autografo bat sinatzen, Xala eta pilotazale batekin. JUANAN RUIZ / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Aitor Zubietak etorkizuna ziurtatu du. Atzelariak 2019ra arte luzatu du kontratua Asperekin, eta egun enpresarekin akordiorik luzeena duen pilotaria da. Atzo arte Aimar Olaizola zen, 2018ra artekoa baitu. Hala, kontratu berria bukatzen denean Zubietak 35 urte izango ditu, eta ia 15 urteko profesional ibilbidea.

Aspalditik jakina zen bi aldeak negoziatzen ari zirela, pilotariak ez baitzuen ezkutatu. Egun eskuin eskua minduta dauka, eta ez dago argi bi aste barru txapelketako partida jokatu ahal izango duen, baina pozik dago kontratu luzatzearekin. Are gehiago: enpresak zabaldutako adierazpenetan buruz buru ere ondo ibiltzea gehitu die etorkizuneko helburuei. Kontratuaren iraupena deigarria da, azkenaldian Aspek ez duelako egin eskaintza luzerik.

Aspen negoziazio garaia da, eta Abel Barriolarekin hizketan hasiak dira. Leitzarrari 2012ko martxoan bukatuko zaio kontratua, eta enpresak hiru urtez luzatzea eskaini dio. Barriolak egun 33 urte ditu, baina oso ondo jokatzen ari da.

Bost dira 2012an kontratua bukatuko zaien Aspeko beste pilotariak: Titin III.ari, Aritz Lasari, Alberto Ongairi eta Iñaki Larrinagari urte bukaeran; eta Retegi Biri ekainaren amaieran.

2013an ere mugimendua izangoizango da Eibarko bulegoetan, 11 pilotariri bukatuko baitzaie kontratua: Merinotarrei, Laskuraini, Olazabali, Jaunarenari, Zabaletari, Ceciliori, Idoateri, Peñagarikanori, Arrutiri eta Gorkari. Ladis Galarza ere ez da urrun ibiliko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.