Zubietak negarrez eman du albistea Iruñean, prentsaurreko batean. Ondoan izan du Fernando Bidarte Aspeko burua. "Saiatu naiz osatzen, baina medikuntzak mugak ditu. Eta nire belauna ez dago ondo". Eskerrak eman dizkie familiari, lagunei, emazteari, gurasoei eta pilota munduko guztiei. "Ni pilotaria banaiz, haiengatik naiz". Ez du argitu zer egingo duen etorkizunean. "Pilotaria beti izango da pilotari, eta ni beti ibiliko naiz frontoiaren inguruan". Aspek omenaldia egingo dio uztailaren 7an, Labriten, San Fermin torneoko lau t'erdiko txapelketako finalaren egunean.
Zubietak hamahiru urteko ibilbidea egin du profesionaletan. Binaka moldatu da ondoen. Hala, 2010ean binakako txapeldun izan zen Yves Salaberri Xala-rekin bikotea eginez. 22-14 hartu zituzten mendean Gonzalez-Laskurain Gasteizen. Bost urte geroago berriro jokatu zuen finala, Pablo Berasaluzerekin, baina orduan galdu egin zuten Bengoetxea VI.a-Untoriaren aurka, Bilbon (22-7).