Aitzol Atutxak ez du aizkoraren gailurretik jaisteko asmorik. Euskal Herriko txapelketako finalean nagusi izan da berriz ere, eta bost txapela pilatu ditu; azken bost urteetan jarraian irabazi dituenak, hain justu.
Dimakoak 37:29ko denbora behar izan du lana amaitzeko, eta 19 segundoko aldea atera dio Iker Vicenteri. Emozioz betetako lehiaren lekuko izan dira Iruñeko Labrit pilotalekuan bildu diren zaleak. Vicentek tartea ireki du probaren hasieran eta Atutxak bere erritmoan kontzentratuta jardun du haren atzetik. Atutxa aldea murrizten hasi da probak aurrera egin ahal eta zortzigarren enborra amaitzerako buruan zen.
Azken enborra mozten hasi denean, 15 segundoko aldea zuen Atutxak Vicenterekiko, eta amaierara arte estutu dute biek. Ia zutik egon ezinik amaitu dute.
Hirugarren sailkatua Mikel Larrañaga izan da, Atutxarengandik 1:16ra. Iñaki Azurmendik txapeldunak baino 5:03 gehiago behar izan du, Eneko Otañok 6:04ra amaitu du eta Joseba Otaegik 9:40ra.