AIZKORA . Arrospide, Mindegia eta Olasagasti arriskuan daude

Urrezko Aizkolarien Lehiaketako saio erabakigarriak jokatuko dira bihar

DONOSTIA
2005eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Ordu gutxiren buruan Urrezko Aizkolarien Lehiaketako bi saio antolatzeko gaitasuna lortu du Egur Sportek, eta halaxe gertatuko da hain zuzen, bihar. Izan ere, 12:30ean Joxemari Olasagasti eta Joxemiel Peñagarikano ariko dira elkarren aurka, Urduñako (Bizkaia) Udal pilotalekuan B multzoko bigarren jardunaldian. Arratsaldeko 18:30ean, berriz, Miel Mindegia eta Anjel Arrospideren txanda izango da Zeanuriko (Bizkaia) pilotalekuan, eta A multzoko hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko dute.

Bi saioak izango dira erabakigarriak finalerdietara sailkatzeko. Eguerdikoan, nahitaez irabazi behar dio Olasagastik Peñagarikanori lehiaketari adio esan nahi ez badio. Olasagastik eskura izan zuen garaipena Larretxearen aurka, baina hiru enbor falta zitzaizkiola proba amaitzeko pittin bat nekatu egin zen eta adar bat atera zitzaion enbor batean. Gainera, Larretxeak gaitasuna izan zuen amore ez emateko, eta igeldoarra mendean hartzeko.Peñagarikanok estreinaldia izango du ligaxkan, aurrez lau kanporaketa jokatu eta gainditu ondoren. Dena dela, bihar izango du aurkaririk gogorrena Beizamakok. Bere alde izango du, Olasagastiren aurka galdu arren, beste aukera bat izango duela Larretxearen aurka, baina Arantzakoa menderatzea ere, aski zaila gerta dakioke.Olasagastik eta Peñagarikanok ez zituzten indarrak neurtu iaz Urrezko Aizkolarien Lehiaketan. Izan ere, sailkapen ligan Azurmendik kanporatu egin zuen Peñagarikano, eta Beasaingoa sailkatu zen azken ligaxkara. Txapeldunen Ligan, berriz, Nazabalekin batera aritu ziren lehian biak, eta Olasagastik sei puntuko aldea kendu zion Peñagarikanori; Nazabal gailendu zen. Beraz, Peñagarikano ez zen sartu finalera.Euskadiko Txapelketa Nagusiko finalean lehiatu ziren azken aldiz, eta Olasagastik (hirugarren) zazpi minutuko aldea atera zion Peñagarikanori (bosgarren). Beizamakoa Lazkaon izan zen Olasagasti eta Larretxearen arteko dema zuzenean ikusten, eta ohartu zen Igeldokoa prestatuta dagoela.

Arrospide eta Mindegia antzeko egoeran

Arrospidek Mindegiaren aurkako saiora presiorik gabe plazaratzea beharrezkoa izango zela esan zuen joan zen igandean, Idiazabalen. Gipuzkoarrak ez zuen sasoiko amaitu dema hura, eta adierazi zuen lanez nahiko beteta dabilela. Mindegia ere ez da ibiltzen denbora askorekin prestatzeko, baserriko lana dela eta, baina Arrospidek esan zuen Mindegia hobeto ari dela aizkoran.

Biek ala biek galdu egin zuten Nazabalen aurka, baina txapeldunak alde handiagoa atera zion Arrospideri. Gauza da bihar galtzen duenak adio esango diola lehiaketari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.