AIZKORA. Gustuko bi kanporaketa berezi

Urrezko Aizkolarien Lehiaketarako finalerdietara sartzeko lehia jokatuko dute bihar lau bikotek

KOLDO ALDUNTZIN - DONOSTIA
2004ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Egutegi estua izango dute aizkolariek bihar goizez eta arratsaldez. Zortzi ariko dira, eta Urrezko Aizkolarien Lehiaketako bi final-laurden jokatuko dituzte. Lehenik, Idiazabalen (Gipuzkoa), Anjel Arrospidek eta Joxe Ugarteburuk indar neurketa izango dute Iñaki Azurmendi eta Fausto Mugertzaren aurka. Beraz, gipuzkoarren arteko norgehiagoka berezia izango dute (12:30).

Arratsaldean, berriz (19:00), Miel Mindegiak eta Vicentek, Joxemiel Peñagarikano eta Luis Txapartegiren kontra jardungo dute, Lagution (araba). Bi kanpraketako garaileek finalerdietarako txartela eskuratuko dute. Ohi bezala, lau proba puntuagarri izango dituzte, eta puntu gehien batzen duen taldeak egingo du aurrera.Goizeko kanporaketa berezia izango da. Arrospide eta Ugarteburu sarri ibili ohi dira Azurmendirekin entrenatzen laguntzen eta txapelketetarako aholkuak ematen. Bihar, ordea, gazteenak, Mugertza beteranoarekin egingo du bikoa. Eskarmendu handiko hiru aizkolari ikusteko aukera izango da; batez ere, Joxe Ugarteburu.Izan ere, Euskadiko azken txapelketa 1985ean jokatu zuen eta harrezkero ez da aritu plazetan, lehia ofizialetan bederen. Erakustaldiak eta antzekoak egiten jardun du azkenaldian. 48 urte ditu, eta aizkolari handia izandakoa da. «Lan arazoengatik utzi nion lehiari, urrun aritu behar nuelako. Geroago hastea ere pentsatu nuen, baina besoan arazoak izan nituen, eta adio. Txapelketa honetarako, berriz, Bengoak animatzeko esan zidan, eta hasieran txantxetan hartu banuen ere, nire izena jarri zuen, eta azkenean, Arrospidek berak ere animatu egin nau. Ez dut uste urduri jarriko naizenik», adierazi du Ugarteburuk.

Ugarteburuk 1985ean jokatu zuen azken txapelketa

Arrospide taldekideak hau nabarmendu du: «Gustura aritu gara entrenatzen. Bistan da, Ugarteburu denbora asko egonda utzita, baina neurria emango du». Azurmendik eta Mugertzak txapelketako lehen saioa jokatu zuten Senosiain anaien aurka, eta 3-10 galdu zuten. Prestaketako saioa zen hura, eta biharko saiorako «asko entrenatuta» daudela dio Arrospidek.Beste kanporaketa ere aski polita iragartzen da. Miel Mindegiak eta Vicentek bigarren saioa jokatu zuten Olasagasti eta Etxebesteren aurka. Hura ere ez zen kanporaketakoa, eta 8-5 irabazi zuten nafarrek. Peñagarikanok eta Txapartegik, berriz, kanporaketa serioagoa jokatu zuten urtarrilaren 5ean, Zeanurin, eta 13-0 irabazi zioten Mendieta eta Beitiari. Ez zen batere orekatua izan saioa, eta zail da jakiten nolako neurria eman dezaketen gipuzkoarrek. Peñagarikano eta Mindegia antzekoak dira, nahiz eta Euskadiko Txapelketan aurrea hartu zion Mindegiak.Txapartegiren eta Vicenteren artean ez dago alde handirik, baina Txapartegik goragoko mailan dihardu. txanda libreko probak ikusteko modukoak izango dira. Bikote lanetan ondoen moldatzen dena Mindegia da, baina Vicentek asko lagundu beharko dio.

-

Saioko probak



Jardunaldi bakoitzak lau proba puntuagarri izango ditu, eta puntu gehien batzen duen bikotea izango da jardunaldiko garailea. Biko bakoitzak 15 enbor ebaki beharko ditu eta 13 puntu banatuko ditu saio bakoitzak.

1. proba: Bi bikoak txanda librean oinbiko bat ebakitzen (2 puntu).

2. proba: Buruz buruko saioa kanaerdiko bat ebakitzera (puntu 1). Bikote bakoitzeko aizkolariak bestearen kontra jokatu beharko du, eta jakina, bakoitzak bina txanda egin beharko ditu.

3. proba: Erreleboka bi bikoteak, bi kanaerdiko ebakitzera (2 puntu). Biko bakoitzeko aizkolariak enbor osoa ebaki beharko du kideari lekukoa eman aurretik.

4. proba: Txanda librean bi bikoak elkarren kontra, zortzi enborrera: Lau kanaerdiko eta lau 60 ontzako (5 puntu).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.