Lehiaketaren bigarren zatian sei aizkolari lehiatuko dira, bi multzo edo adarretan banatuta. A multzoan, Floren Nazabal, Miel Mindegia eta Anjel Arrospide ariko dira, eta, B multzoan, Donato Larretxea, Joxemari Olasagasti eta lehiaketaren lehen zatiko garailea. Lehen jardunaldia bi aste barru jokatuko da.Gaurko kanporaketei dagokienez, Euskadiko Maila Nagusian dihardutenen eta 25 urte azpiko aizkolari gazteen arteko norgehiagokak izango dira ikusgai.Joxe Etxebeste (50 urte) Joseba Otaegirekin (21 urte) lehiatuko da. Etxebestek bere ohiko mailan diharduela erakutsi zuen Mugertzaren aurkako kanporaketan. Eta Xabier Mindegia kanporatuta Otaegik aurtengo helburu nagusia bete duenez, bere lana behar bezala egitearekin kontent litzatekeela adierazi du.Joxemiel Peñagarikanok etaArkaitz Iriarte Igertza-k jokatuko dute gaurko bigarren kanporaketa. Beizamakoa eta Azpeitikoa dira aizkolariak, eta horrek ikusmina sorraraziko du. Nolanahi ere, Peñagarikano eta Igertzaren artean alde handi xamarra dago mailari dagokionez. Izan ere, Peñagarikano bosgarren sailkatu zen Euskadiko Maila Nagusiko finalean eta Igertza ez zen sailkatu III. Mailako finalera.Bi aizkolari hasiberrien arteko lehia ere izango da: Jexuxmari Lasa Legorretakoa eta Joxefelix Zubizarreta Azpeitiko arraunlari ohiaren artekoa, sei enborrera. Aimar Irigoien harri-jasotzailea ere ariko da, eta erakustaldia eskainiko du.
Nazioarteko Txapeldunen Lehiaketa antolatzeko asmoa
Egur Sportek nazioarteko maila eman nahi dio aizkorari, eta Nazioarteko Urrezko Aizkolarien Lehiaketa antolatzen ari da. Urriaren azkenaldira jokatuko litzateke, eta hemengo Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako lehen hirurak Australia, Zeelanda Berria eta AEBetako aizkolarien aurka lehiatuko lirateke.
-
Gaurko saioa
Txapelketa: Urrezko Aizkolarien Lehiaketa Gurea Kaiku Saria.
Jarduna: azkenaurreko kanporaketak.
Norgehiagokak: Etxebeste Otaegiren aurka eta Peñagarikano Iriarteren aurka.
Lekua: Urrestillako pilotalekua.
Ordua: 23:00.
Lana: bi 45 ontzako, lau kanaerdiko eta bi 60 ontzako.