Banakako Urrezko Aizkolarien Lehiaketa larunbatean amaitu zen lehen zatiari dagokionez, eta bihar hasiko da bigarren zatia bi saiorekin: Armentia-Gasteizen (Araba) eta Lazkaon (Gipuzkoa). Joxemiel Peñagarikano lehen zatiko garailea izanik, Maila Nagusikoen Ligara sailkatu zen, eta lehian ariko den seikoa osatu du. Halere, hiruko bi adarretan lehiatuko dira ligaxkan, finalerdiak jokatu aurrez».
Iñaki Azurmendik hasieratik esan zuen ez zuela lehiaketan esku hartuko, apustuagatik, lanagatik eta aurrera begirako txapelketak behar bezala prestatu nahi dituelako. Arriarangoak, hain justu, prestaketa saioa egin zuen atzo arratsaldean.Lehian ariko diren aizkolariei buruzko ikuspegia agertu du: «A adarrean, okerrik edo zorte txarrik ez badu, bederen, Floren Nazabal ikusten dut aukera nagusiarekin sailkatzeko. Mindegiaren berri handirik ez daukat, baina ziur naiz lehiaketan esku hartzea erabaki baldin badu sasoian egongo dela. Arrospide, berriz, nekatu samar egon daiteke lanagatik. Nolanahi ere, elkarren aurkako neurketa erabakigarria izango da».B adarrean, erabakia Larretxearen egoerak baldintzatuko duela esan du: «Binakako finala jokatu ondoren jarraitu badu prestatzen eta ohiko arazorik ez badu, adar horretako hautagaia da sailkatzeko. Peñagarikanok lau kanporaketa jokatu ditu, baina ez du erraz izango sailkatzea, besteak beste, Olasagasti prestatuta dagoelako, nahiz eta azken ordu arte duda izan duen esku hartu edo ez. Larretxearekin ere borroka izango du Olasagastik».
Nazabal Mindegia eta Larretxea Olasagasti
Floren Nazabalek eta Miel Mindegiak jokatuko dute lehiaketako lehen neurketa Armentian, bihar, 12:00etan. Iazko finalerdian aritu ziren elkarren aurka azken aldiz, maiatzaren 23an. Orduan, lanerdietarako alde nabarmena lortu zuen Nazabalek, eta probaren amaieran minutu bat eta 32 segundokoa. Gero, Etxarri-Aranazkoak txapela jantzi zuen, Larretxeari irabazita.
Gainera, Euskadiko Maila Nagusia, Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Liga eta Donostiako Kopa irabazi zituen. Aurten, berriz, Binakako Urrezko Aizkolarien Lehiaketa lortu du Juanjoxe Erdoziarekin. Mindegiak, berriz, Urrezko Aizkolarien Lehiaketako finalerdia jokatuta amaitu zuen urteko jarduna, ez baitzuen esku hartu gainerakoetan.Lehiaketako bigarren saioa, bihar jokatuko dute Donato Larretxeak eta Joxemari Olasagastik, Lazkaoko pilotalekuan (18:30). Lehia horrek erakutsiko du nolakoa izango den B adarreko ibilbidea. Izan ere, Larretxeak Nafarroako Txapelketa irabazita amaitu zuen iaz eta aurten Binakako Urrezko Aizkolarien Lehiaketako finala jokatu zuen Xabier Mindegiarekin. Olasagastik Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen iaz.Iazko Urrezko Aizkolarien lehiaketako finalerdia jokatu zuten elkarren aurka, eta Larretxea minutu eta 44 segundoko aldearekin gailendu zen. Euskadiko Txapelketa Nagusian ere, Larretxeak 2 minutuko aldea atera zion Olasagastiri.Bi neurketa horietan hamabina enbor ebakiko dituzte: lau 45eko, lau kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko.
AIZKORA. URREZKO AIZKOLARIEN LEHIAKETA. Ezpal mardulagoak
Bihar ekingo diote Nazabalek, Mindegiak, Larretxeak eta Olasagastik Urrezko Aizkolarien Maila Nagusiko bigarren zatiko ligaxkari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu