Herenegun gauean amaitu zen Urrezko Aizkolarien Lehiaketa Gurea Kaiku Sari Nagusiko sailkapen ligaxka, bi adarretako azken kanporaketekin, Azpeitiko Urrestilla auzoan (Gipuzkoa). Joxemiel Peñagarikano eta Joxe Etxebeste nagusitu ziren Arkaitz Iriarte Igertza eta Joseba Otaegiren aurkako kanporaketetan, eta ligaxkako finala jokatuko dute, larunbatean. Horko garaileak Maila Nagusiko liga jokatzeko txartela bereganatuko du, eta bat egingo du Donato Larretxea eta Joxemari Olasagastirekin, B multzoan. A multzoan, berriz, Floren Nazabal, Miel Mindegia eta Anjel Arrospiderekin.
Maila Nagusiko ligako lehen jardunaldia apirilaren 28an jokatuko dute, San Prudentzio egunean. Hala, Nazabal eta Mindegia Armentia Gasteizen (Araba) lehiatuko dira, A multzoan, eguerdian. B multzoan, berriz,Olasagastik eta Larretxeak jardungo dute, Lazkaon (Gipuzkoa), arratsaldean.Herenegungo kanporaketei dagokienez, lehenik Etxebestek (50 urte) eta Otaegik (21 urte) jardun zuten, zortzi egurrera: bi 45 ontzako, lau kanaerdiko eta bi 60 ontzakora. Etxebestek hasieratik hartu zuen probaren burua eta txartela lotu zuen. Zortzi enborrak mozten 18 minutu eta 23 segundo behar izan zituen. Otaegik, berriz, 19 minutu eta 46 segundo.
Peñagarikanok eta Iriarte Igertza-k ere lan bera izan zuten, eta antzeko bidea izan zuen kanporaketak. Beizamakoak 18 minutu eta 46 segundo behar izan zituen, eta Azpeitikoak 21 minutu eta 50 segundo. Beraz, aizkolari arituek ez zioten inolako tarterik utzi ezustekoa gerta zedin. Igertzari eta Otaegiri oraindik Berrien Mailako finala jokatzea geratzen zaie, eta, hori, Maila Nagusiko finala jokatuko duten egun eta leku beran jokatuko dute, Azpeitian.Iriarte azpeitiarra etorkizuneko aizkolaria da. 23 urte ditu, eta Euskadiko III. Mailan dihardu. Urrezko Aizkolarien Lehiaketako Berrien Mailako txapela janzteaz gain, Euskadiko III. Mailako finalera sartzea izango ditu hurrengo erronkak. Euskadikoari dagokionez, iaz ez zuen lortu finalera sartzea, eta erronka hori jarri behar dio bere buruari.Bi aizkolari hasiberrien arteko lehia ere izan zen Urrestillan, herenegun, eta Lasa Legorretakoa gailendu zitzaion Zubizarreta azpeitiarrari, sei enborrera.
Urrezko Harri-jasotzaileen Lehiaketa gorpuzten ari da
Egur Sportek antolatuta, binakako Urrezko Harri-jasotzaileen Lehiaketa jokatuko da aurten lehenengoz. Zortzi edo bederatzi biko ariko dira lehian, eta heldu den apirilaren 28an da hastekoa Urrezko Aizkolarien Lehiaketako jaialdian, Lazkaon. Bikoteak, sos kontuak eta egutegia erabat finkatzeko, bilera egingo dute gaur.
Hain justu, Aimar Irigoien gaztea da aritzekoa lehiaketa horretan, eta herenegun erakustaldia egin zuen Urrestillan.
AIZKORA. URREZKO AIZKOLARIEN LEHIAKETA. Peñagarikano eta Etxebeste, aukeran
Urrezko Aizkolarien Lehiaketako Liga Nagusira sartzeko txartela izango dute jokoan azken kanporaketan, larunbatean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu