Akabak eta Itxakok onenen artean daudela erakutsi dute

Donostiarrek La Union menderatu dute, eta Lizarrakoek Parc Sagunt. Zuazok azken segundoan galdu du

Erredakzioa
2008ko irailaren 21a
00:00
Entzun
ABF ligak bigarren jardunaldia beteko du asteburu honetan, eta oraindik ere goiz izan arren, Akaba Bera Bera eta Itxako onenen artean daude. Aurreko sasoietan ere hala zeuden, baina sasoi honetan, liga bera irabazteko hautagaien artean daude. Atzoko emaitzei erreparatuta, behintzat, lasai asko egin daiteke halako baieztapena. Donostiarrek garaipen handia lortu zuten La Union Ribarojaren pistan, 28-33. Lizarrakoek ere beste horrenbeste egin zuten Parc Sagunten kontra, 25-24. Herrialde Katalanetako bi taldeak puntaren puntan ibili ohi dira, eta haiei irabazteak esan nahi du euskaldunak parean dituztela. Liga hastear zela, hura irabazteko hatutagaien artean kokatzen zituzten beste taldeetako entrenatzaileek, eta ezin esan oso oker zebiltzala. Bide horretan jarraitzen badute, denboraldi amaieran, oso goian ibiliko dira bi taldeak.

Akaba Bera Berak bigarren zatian lortu zuen partidan gailentzea. Aurrenekoan ez ziren oso fin aritu, baina partida irabazteko aukerei eutsi zieten, behintzat, 13-12 soilik zirelako atzetik. Bigarrenean, erabat irauli zuten partida. Atzeko lan onean oinarrituta, kontraerasoa baliatu zuen horretarako. Bospasei goleko tartea hartu eta gero, bikain eutsi zioten aldeari. Matxalen Ziarsolo eta Yolanda Sanroman izan ziren golegile onenak, seina golekin.

Itxakok larritasun gehiago izan zituen Parc Sagunt menderatzeko. Ez zuen partida ona jokatu, baina aurkariei beste horrenbeste gertatu zitzaienez, bi puntuak Lizarran gelditu ziren. Nerea Penak sartu zuen azken gola, eta azken erasoan, Parc Saguntek ez zuen asmatu. Etxekoen artean, Pena bera izan zen golegile onena, bederatzi golekin.

Zuazok porrot mingarria

Irabazi ez zuena Baseti Zuazo izan zen. Ecociudad Mediter igo berriaren aurka azken segundoan galdu zuen. Zazpi minuturen faltan, lau gol aurretik ziren, baina hamar segundoren faltan, 26na zeuden. Penaltia huts egin zuten etxekoek, eta kontraerasoan garaipenaren gola sartu zuten kanpotarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.