Pirinioetako lehen mendiko etapan ihesaldia izan da eguneko protagonista nagusia. Hasiera azkarra izan du etapak eta 100 kilometrotik gora behar izan dira ihesaldia sortzeko. 47 kide sartu dira ihesaldian. Tartean igotzaile bikain ugari: Adam Yates (Mitchelton), Julian Alaphilippe (Quic Step), Pierre Latour (Ag2r), Warren Barguil (Fortuneo)... Euskal herritarrei dagokienez, Gorka eta Ion Izagirre (Bahrain) ere bertan izan dira.
Azken mendatearen jaitsieran erabaki da etapa. Adam Yates zen aurretik, baina bihurgune itxi batean erorikoa izan, eta Julien Alaphilippek aurreratu du. Frantziarrak mendiko elastikoaren sailkapena ia erabakita utzi du gaur, eta aurtengo Tourreko bigarren etapa zakuratu du. Jaitsieran Gorka Izagirre saiatu da Alaphilippe harrapatzen, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Sailkapen nagusiko txirrindularien artean ez da ahalegin berezirik egon. Jakob Fuglsag (Astana) saiatu da taldekide batekin. Sky taldeak, ordea, ez du aukearik eman. Mendate amaieran Mikel Landa (Movistar) ahalegindu da, baina ezin ihes egin.
Egunak bi irudi ikusgarri utzi ditu. Batetik, etapa hasieran lasterketa gelditu behar izan da baserritarren protesta bat tarteko. Bestetik, Philippe Gilberten (Quick Step) erorikoa. Aspet mendatea jaisten ari zela bide ertzeko hesiaz bestaldera erori da. Hala ere, zutitu eta jarraitu ahal izan du.