Fer Niñoren jolastokia da Mendizorrotza. Mallorcako aurrelariak bertan egin zuen debuta Lehen Mailako jokalari gisa, orain dela bi urte, Vila-realekin, eta neurketa erabaki zuen gola sartu. Bada, beste horrenbeste egin du gaur, Mallorcarekin fitxatu berritan. Haren gaiztakeriak punturik gabe utzi du Alaves ligako bigarren norgehiagokan. Arabarrek Real Madrilen aurka galduz abiatu zuten sasoia, baina gaurko porrota askoz ere mingarriagoa da, aurkari zuzen baten kontra egin dutelako kale. Itxura hauskorra erakutsi dute berriz ere defentsan, eta erasoan, ez dituzte aukerak behar bezala baliatu.
Garbienak, lehen zatian izan dituzte. Partida parekatua izan da oro har, erritmo gutxikoa, baina etxekoek hasieratik sortu dute arriskua. Ez jokaldi landuen bitartez, aurkariari baloia goian lapurtuta baizik. Eta beti ere, hegalak baliatuz; ezkerrekoa batik bat, Riojarekin. Lehia abiatu berritan, haren erdiraketa bat sareratzear izan da Pons; haatik, burukada erdi-erdira joan zaio. Apur bat gurutzatu izan balu, ia ziurra zatekeen gola. 18. minutuan, berriz, Manu Garciak ipini du baloia area barruan, eta bigarren zutoinean bakarrik agertu da Ximo Navarro. Ezin izan du behar bezala errematatu, ordea. Bost minutu geroago, Edgar Reinaren ate aurrera iritsi da, baina ezin izan du atezain beteranoa gainditu.
Aparteko ezer egin gabe, Alaves merituak ari zen pilatzen markagailuan aurrea hartzeko. Mallorca gehiago ahalegindu da lerro artean jokoa ehuntzen, Ruiz de Galarreta eta Kuboren bitartez. Alta, kanpokoen jokoa ez da batere emankorra izan, eta soilik Mboularen barneraldi batekin artegatu dute Pacheco. Gehiegi ere ez da urduritu gasteiztarren atezaina, gailendu egin baita buruz burukoan.
Atsedenak on egin dio Mallorcari, eta ez hainbeste Alavesi. Callejarenak sufritzen hasi dira atzean, eta susto galanta izan dute 58. minutuan, Abdon Pratsek buruz erremate ahaltsua egin duenean. Baloiak langan jo du lehenik, zutoinean gero, baina ez da sartu. Hasperen egin dute Mendizorrotzan bildu diren ia 3.000 lagunek. Callejak, berriz, aulkia mugitzeari ekin dio aguro. Guidetti sartzea izan da lehen apustua, 4-4-2 marrazki klasikoa ezarriz. Suediarrak txartel hori bat behartu du zelairatu berritan.
Txartel hori bat ez, bi erakutsi dizkiote Duarteri. 66. minutuan atera diote bigarrena, sarrera itsusi baten ondorioz. Hala, azken 25 minutuak jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan ditu Arabako taldeak. Hasiera batean Riojak bete du ezker hegaleko zuloa, baina azkenean Javi Lopez sartu da zelaian, Joseluren ordez. Atzelari bat aurrelari baten ordez. Callejak ez zuen beste erremediorik.
Alavesek ez dio uko egin aurkako area zapaltzeari, eta penaltia eskatu du Joseluk eginiko erremate baten ostean. Battagliaren eskua eskatzen zuten. Epaileak ez du halakorik ikusi. Errepikapenak haren erabakia onetsi du. Ikusmena, Salva Sevillak Mallorcaren goleko jokaldian izan duena. Erdilaria ere bigarren zatian zelairatu da, Fer Niño bezala, eta bien arteko konexioak suntsitu egin du arabarren atzeko lerroa. Sevillak pase luze bezain zehatza bidali dio Niñori, Lejeune gaindituaz, eta aurrelariak ez du barkatu. Errematea ez da batere ortodoxoa izan, baina gol guztiek berdin balio dute. Alavesek bakar bat ere ez du sartu, eta esku hutsik gelditu da berriz.