Beste garaipen bat gehiago lortu du Alavesek, Huescaren aurka, Mendizorrontzan. Talde zuri-urdinak ez du distira handiko partida jokatu, baina, hala ere, nahikoa izan zaio ligako azken sailkatua mendean hartzeko.
Alaves galtzen hasi da. Huescak 0-1ekoa egin du lehen zatiko 35. minutuan. Moi Gomezek urrutitik jaurti du, eta ezustean harrapatu du Antonio Sivera atezaina.
Bost minutura berdindu dute emaitza etxekoek. Ibai Gomezek eskuinetik egindako erdiraketa errematatu du Jony Rodriguezek sareetara.
Alavesi hiru puntuak eman dizkion gola Ruben Sobrinok sartu du 68. minutuan.
Talde zuri-urdinak gol aukera gehiago izan ditu partida amaitu artean, aldea handitzeko, baina ez du asmatu.
Partida irabazita, sailkapeneko puntako postuetan jarraituko du Alavesek beste aste batez.