Beste martxa bat sartu ezinik dabil Alaves. Azeleragailua sakatzeko unea iristen zaionean, nahastu egiten da, eta balazta zapaltzen du. Halaxe egin du gaur, Mallorcaren zelaian. Sevilla eta Eibarren aurka lau puntu bilduta zen; konfiantza bazuen. Ez, ordea, aurkariak: jaitsiera postuetan zen Mallorca, azken hiru neurketak galdu eta gero. Aukera ezin hobea zen bolada onari segida emateko. Areago, partidak zer bilakaera izan duen ikusirik. Lehen zatian, aurkako penalti bat izan dute arabarrek, baina salbatu egin ditu Pachecok. Eta atsedenetik bueltan, epailearen eta VAR sistemaren babesa izan dute, baliorik gabe gelditu baita Dani Rodriguezen gola. Hau da, aldapa behera jokatu dute. Ordea, ez dira inertziaren indarra baliatzeko gai izan. Temati aritu da Mallorca, eta baloia sareratzen asmatu du azkenean. Hutsaren hurrengoa izan da Alavesen erreakzioa, eta hala, ez du kolokan jarri etxekoen garaipen lasaigarria.
Hamaikako erasokorra zelairatu du Asier Garitanok: Fejsak eta Camarasak jokatu dute zelai-erdian, Burkek eta Vidalek hegaletan, eta Joseluk eta Lucas Perezek puntaren puntan. Oldarkor zelairatu da taldea, lerroak aurrean paratu, eta aurkaria gogor estututa. Hain zuzen ere, presio aurreratuari esker iritsi da gasteiztarren lehen aukera garbia, norgehiagoka hasi eta berehala. Fejsak oso goian lapurtu du baloia, eta gero, azkar jokatu dute Joseluk eta Lucasek. Burkeri iritsi zaio baloia area barruan, baina ez du atera jaurtitzen asmatu. Hortik gutxira, Laguardiari gora joan zaio areaz kanpotik boleaz egindako jaurtiketa. Nagusi zen Alaves. Nahieran zebilen.
Ordea, arabarren indarra apalduz joan da, minutuek aurrera egin ahala. Ekimena kendu egin dio Mallorcak, eta orekatu egin da partida. Etxekoek 24. minutuan izan dute lehen gol aukera garbia, Sevillak motzean ateratako korner batean. Budimirrek gurutzatu egin du jaurtiketa, eta estu hartu Pacheco. Geldiketa ona egin du arabarren atezainak. Eta askotan lehena izan da. Berandu gabe egin du hurrengoa, epaileak Magallani penalti zorrotza adierazi ostean. Sevillak zehatz jaurti du, baina Pachecoren esku miragarriarekin egin du topo.
Atezainaren agerraldiak hauspotuta, korrikaldi bizia egin du Burkek ezker hegalean, eta haren erdiraketa bere atean sartzear egon da Baba. 1-0ekoa gertu izan du hor Alavesek, bigarren zatiaren hastapenean bezalaxe. Reinaren aurrean gelditu da Lucas, Aleixen pasea jaso ondotik, baina gaizki eman dio baloiari. Hortik aurrera, gauzek okerretik okerrera egin dute Arabako taldearentzat.
Aldaketen eragin urria
Kubo zelairatu ostean, baloia hobeto mugitzen hasi da Mallorca. Hala, 53. minutuan jokaldi ederra egin dute Cucho eta Kubo beraren artean, eta japoniarraren erdiraketa sareetara bidali du Dani Rodriguezek. Sutsuki ospatu dute gola etxekoek. Balekoa zirudien. Ordea, VAR-eko epaileek Cuchoren eskua atzeman dute jokaldiaren jatorrian. Hala, gola baliogabetu egin du epaileak. Beste erabaki zorrotz bat.
Mallorca oztopo guztiei aurre egiteko prest agertu da, eta saria jaso du azkenean, 62. minutuan. Pachecok gelditu bikaina egin dio Cuchori, baina aldaratzean ez du barkatu aurrelari kolonbiarrak. Ordurako Edgar zelairatua zuen Garitanok, eta aulkian ez zitzaion beste jokalari erasokorrik gelditzen, harrobiko Borja Sainz salbu. Gauzak hala, Manu Garcia eta Martin zelairatu ditu, hots, erdilari defentsibo bat eta atzelari bat, eta moldatu egin du sistema. Aitzitik, aldaketek ez dute eraginik izan. Arabarrei irudimena falta izan zaie etxekoen presioa gainditzeko. Amaiera samurra izan du Mallorcak.