FUTBOLA

Alavesek ez du aukerarik izan Santiago Bernabeun (4-0)

Gasteizko taldeak ondo eutsi dio Real Madrili ia lehen zati osoan, baina 44. minutuan sartu diote lehen gola. Bigarren zatia hasi eta berehala sartu diote bigarrena, eta, hortik aurrera, ezinean aritu da. 

2018ko otsailaren 24a
18:20
Entzun

Ez da izan ezustekorik Santiago Bernabeun, eta Alavesi astindua eman dio Real Madrilek: 4-0. Merezitakoa izan da, gainera, aspaldiko partidarik eskasena egin baitu Abelardo Fernandezek entrenatzen duen taldeak. Gasteiztarren jardunak, hala ere, bi zati oso ezberdin izan ditu. Aurreneko zatian, txukun aritu dira, eta gai izan dira Real Madrilekin nor baino nor gehiago aritzeko. Baina lehen zatia amaitzear zela sartu du gola Cristiano Ronaldok. Horrek min handia egin dio Alavesi, eta zer esanik ez bigarren zatia hasi eta berehala bigarrena jaso izanak. Balek sartu du, Alexisek egindako huts larria baliatuta. Behin 2-0 jarrita, nahieran aritu da Real Madril. Abelardok aldaketak egin ditu, baina alferrik, aldaketa horiek ez dute aldatu neurketaren nondik norakoa. Hala, etxekoek beste bi gol sartu dituzte, Cristiano Ronaldok berriro, eta Benzemak, penaltiz. 

Galdu arren, Alavesek ez du larritzeko arrazoirik. Jardunaldiko emaitzen zain, oso urruti ditu jaitsiera postuak, hamar puntura, hain zuzen ere. Mailari eusteko lehian, partida oso garrantzitsua jokatuko dute gasteiztarrek datorren ostegunean. Levante hartuko dute Mendizorrotzan, jaitsieratik gertuen dagoen taldea. Neurketa hori irabazita aurrerapauso itzela emango lukete arabarrek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.