Futbola

Alaveseko jokalariei harrera egingo diete 20:00etan

Numantziari 2-0 irabazita, errealitate bihurtu du askok segurutzat jotzen zutena, eta hamar urte baino gehiagoren ostean, Espainiako Ligako Lehen Mailako taldea da, berriz ere, gasteiztarra. Gaur, harrera egingo diete 20:00etan Andre Maria Zuriaren plazan.

Alaveseko jokalariak pozik, lehen gola ospatzen. DAVID AGUILAR / EFE
2016ko maiatzaren 30a
02:40
Entzun

Hasi da festa Gasteizen. Ez da gutxiagorako. 2002-2003ko denboraldian jaitsi zen taldea Bigarren Mailara, eta beste kolpe bat hartu zuen 2008-2009an, Bigarren B Mailara jaitsita. Ondo kostata, gasteiztarrak 2012-2013 sasoian igo ziren Bigarren Mailara, eta hiru denboraldiren ostean, lehen mailan dira berriz ere, Numantziari 2-0 irabazi ostean.

Irabazi beharrik ere ez zuen atzo Alavesek Lehen Mailara itzultzeko, baina galduz gero, besteek egindako lanaren menpe geratuko zen. Babazorroak, ordea, ez zeuden gehiago zain egoteko prest, eta irabaztera irten ziren zelaira. Nabarmena izan zen hori, izan ere, 21. minuturako heldu zen lehen gola Manuri esker; eta handik gutxira, 41. minutuan, bigarrena, Raul Garciaren jaurtiketa bikain bati esker. Hala heldu ziren bigarren zatira ere eta azken minutuetan aukera gehiago izan zituzten arren, 2-0arekin amaitu zen partida Mendizorrotzan.

Bitartean, armailetan giro bikaina, "Alaves, Alaves" oihu artean pozik jarraitzaileak, hainbat urtez sufritzen aritu ostean, euren taldea berriz ere handienen artean ikusita. Garaipena ospatzeko dena prest dute dagoeneko Gasteizen. Gaur ez ezik, datozen egunetan ere izango da ospakizunetarako tarterik Arabako hiriburuan.

Osasuna, oraingoz ez

Izan zitekeen, baina ez da posible izan. Ez, behintzat, oraingoz. Izan ere, Osasunak bere esku dagoen guztia egin duen arren ezin izan du play off-eko postuetan sartu. Igotzeko nahita ez irabazi beharra zeukan talde gorritxoak, baina 2-3 galdu dute azkenean Huescaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.