Albisuk ordezkatuko du Begino gaur, Zarauzko torneoko finalean

Autzakoak minduta dauka eskuin eskua, eta ataundarra ariko da Olaizola II.arekin, Irujo eta Zubietaren aurka

jon eskudero
Donostia
2012ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Olaizola II.a-Albisu eta Irujo-Zubieta. Bi bikote horiek ariko dira nor gehiago Zarautz Hiria torneoko finalean, gaur arratsaldean. Goizuetarraren bizkartzain Begino zen aritzekoa, baina eskuin eskua minduta dauka, eta Albisuk ordezkatuko du. Jaialdian aldaketa hori egin arren, partida maila izugarrikoa da oraindik ere. Izan ere, bi enpresetako aurrelaririk eta atzelaririk onenak ikusi ahal izango dira kantxan. Ez dago faborito garbirik.

Aspekoak joko bolada izugarrian daude. Irujok behetik gora egin du nabarmen, eta Zubieta ere ez dago inoren inbidiatan egoteko moduan. Urtebete daramate elkarrekin jokatu gabe, eta hori zerbaitegatik da. Olaizola II.ak eta Albisuk ere bikote beldurgarria osatzen dute. Ataundarrak ez badu huts asko egiten, irabazteko aukera ugari izango dituzte. Bestalde, Olaizola II.ak merezitako omenaldia jasoko du gaur goizean Goizuetan, egin duen urte oparoagatik.

Urrutiaren garaipena (30-24)

Erremonteari dagokionez, Miguel Mari Urrutiak 30-24 irabazi zion atzo Jon Juaristiri Kutxa torneoan. Urrutiak txapelketako estreinako partida zuen, eta ezin hobeto erantzun zuen. Mexikotik indartsu itzuli dela erakutsi zuen nafarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.