"Otsailean alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatu zidaten. Nire gorputz adarretan eragiten ari da, eta horrek entrenatzaile izateko baldintzatzen nau. Baina beste lehentasun batzuk ditut orain; beste erronka bat dut aurretik". Horrela jakinarazi du Juan Carlos Unzue Osasunako atezain izandakoak AEA gaixotasuna duela. Bi arrazoi aipatu ditu horren berri emateko. "Albistea eman ezin izan diedan lagun eta ezagunek jakitea nahi nuen; eta, batez ere, gaixotasuna ikusgai jarri nahi nuen". Buruz "indartsu" dagoela adierazi du. "Gaixotasunarekin bizitzen ikasten ari naiz. Zorte handia izan dut orain arte eduki dudan bizimoduarekin".
Hilabete hauetan, beste gaixo askoren laguntza izan du, kontatu duenez. "Bizitzeko gogo handia dutela erakutsi didate, eta egokitzeko eta egoera zailak gainditzeko gaitasuna. Bizitzea merezi du, baita dena eraitsi egingo dela dirudienean ere". AEA gaixotasuna sendatzeko egiten ari diren ikerketetan parte hartzeko borondatea azaldu du. "Hasieratik garbi izan dut hori". Zientzialarien eta sendagileen lana goraipatzearekin batera, politikariei baliabideak eskatu dizkie ikerketa horiek egiteko.
Unzuek Osasunan hasi zuen kirol ibilbidea. Denboraldi bat jokatu zuen talde gorritxoan: 1986-1987an, hain zuzen ere. Gero, Bartzelonak fitxatu zuen. Andoni Zubizarretaren itzalean egotea tokatu zitzaion. Bi denboraldi egin zituen horrela, Sevillara joatea erabaki zuen arte. Bere futbol ibilbideko urterik onenak han egin zituen. Zazpi denboraldiz aritu zen han, eta guztira 222 lehiatan aritu zen. Tenerifen eta Oviedon aritu ostean, 2001eko denboraldian itzuli zen Osasunara, eta bertan hartu zuen erretiroa, 2003an. Horren ondoren hasi zuen bere entrenatzaile ibilbidea. Raijkaard, Guradiola eta Luis Enriqueren laguntzaile aritu zen Bartzelonan, eta, gero, lehen teknikaria izan zen Numantzian, Celtan eta Gironan.