Aldaketa gehiegi. Txapelketaren lehen zatian ezer leporatzekotan horixe leporatu dio Realeko zaleak Philippe Montanierri. Egiari zor, entrenatzaileak orain artekoan ez du talde berberaren aldeko apusturik egin, eta izen dantza, batik bat, erasoko lerroan antzeman da. Xabi Prieto, 735 minuturekin, ukiezintzat jo liteke, eta bere pedal kolpe egokienaren zain jarraitzen dute txuri-urdinek erritmoa bizitu asmotan. Donostiarraren ondoren, Griezmann (673), Agirretxe (611), Vela (525), Ifran (182), Sarpong (86) eta Llorentek (34), gehiago edo gutxiago, guztiek hartu dute parte.
Atzelari lanetarako, berriz, gauzak garbiago izan ditu, eta ia-ia horretara derrigortuta egon denean soilik mugitu ditu jokalariak. Carlos Martinez (776), Demidov (826), Iñigo Martinez (910) eta De la Bellak (828) osaturiko atzealdeak izan du entrenatzailearen konfiantza osoa, 11 partidetatik zortzitan hasieratik aritu baitira. Bederatzigarrenez elkarrekin ikusi ahal izateko itxaron egin beharko da, ordea, Markelekin batera kopeta beltz bueltatu baitziren Vallecastik, beste guztien gainetik, Iñigo Martinez eta De la Bella. Muñiz Fernandez epaileak egotzi egin zuen lehena partidaren hastapenetan, area barruan Delibasici elastikotik heldu eta gero. Handik gutxira, bigarrenak hartu behar izan zuen aldageletarako bidea, izterraren atzealdean ziztada nabaritu bezain laster. Ez bata ez bestea ez dira izango, hortaz, normandiarraren pentsamoldeetan Espanyolen kontrako norgehiagoka garrantzitsuari begira.
Horrek esan nahi du ezker aldea birmoldatu egin beharko duela aurrenekoz. Ondarroarrari txartel gorria atera ziotenean, Marigaren kokapena atzeratuta berrantolatu zuen taldea Montanierrek. Lehen minutuan Illarramendik Markel ordezkatu zuenez, nahiago izan zuen bigarren aldaketa beranduagora arte gordetzea. Ezker hegalaren konponketarekin harrapatu zituen hainbat eta hainbat ezustean entrenatzaileak, Estradari dei egin baitzion Mikel Gonzalezen aukera alboratuta. Bat-batean asmatzera kondenatuta geratu zen. Orain gauzak patxadaz pentsatzeko astia izango du, eta, itxura guztien arabera, bestelako neurriak hartuko ditu hutsuneak estaltzeko.
Demidov-Gonzalez bikoa ariko da erditik. Ez dauka aukera handiegirik beste ezer egin ahal izateko. Jon Ansotegi bere aukera noiz iritsiko irrikaz dago, baina orain artekoan ez badio kasurik egin zaila dirudi datorren igandean aulkitik pasatu gabe harmailetatik zelaira igarotzea. Bi horiek behin baino ez dira izan hasieratik elkarrekin. Hain zuzen, Real Madrilen aurka frantziarrak bosteko lerroa erabili zuenean. Orduko hartan, Liassine Cadamuro jarri zuen hamaikakoan, eta frantziarrak jokatzeko duen aukera Estradarena baino sendoagoa dirudi, nahiz eta ezker atzelari peto-petoa ez izan. Zarauztarraren aldean, postura egokiagoak ditu saihets horretan txukunago moldatzeko.
Joan den astean zerrendatik atera zuen frantziar gaztea, arazo fisiko arinak tarteko. Osatu da, eta jokatzeko abagunea izango du erantzukizun handiko partidan. Atzeko lerro hori ez du inoiz erabili Montanierrek, baina bi jokalariei ez zaie arrotza egingo zelaian korrika egitea, minutuak izan baitituzte orain arteko ibilian. Gonzalezek sei norgehiagokatan hartu du parte; Cadamurok, bostetan.
Vadim Demidov atzo hasi zen entrenatzen Montanierren aginduetara, Norvegiako selekzioarekin astebetez bilduta egon ostean. Bihar Iñigo Martinez, Illarramendi eta Griezmannen txanda izango da, eta etzi iritsi beharko luke Bravok Zubietara, goizeko bederatzietan helduko baita bere hegaldia. Atzelari ilehoriak taldearen diagnosia egin zuen atzo prentsa aretoan, eta behin eta berriz «oldarkorrago» aritu beharraz jardun zen. «Badakit zer den azken postuan egotea, nire herrialdeko txapelketan halakorik egokitu zitzaidalako behin edo behin. Baina, era berean, oso garbi daukat futbolaz ari garela hizketan, eta boladak egun batetik bestera alda daitezkeela».
Atzelariak aitortu zuen «egoera deseresoa» dela. «Baina garaipen batekin beste era batera ikusiko genituzke gauzak. Horretarako, denok ardura handiagoa hartu eta oldarkorrago jokatu behar dugu, lehia gehienetan galtzaile ateratzen ari baikara». Azken postuan egon arren «lasai» dagoela aitortu zuen norvegiarrak. «Talde honen ahalmenean sinesten dudalako. Maila handia dago, baina azkenaldian ez gara izaten ari behar den oldarkortasunik». Denboraldi hasieran egiten ari den lanarekin ez dagoela pozik esan zuen segidan.
Mikel Gonzalez, baikor
Mikel Gonzalezek ez zuen aho batez bat egin bere taldekideak adierazitakoarekin, eta «konfiantzari» heldu zion. «Ez zait iruditzen bizitasuna falta zaigunik. Gogotsu eta gure lana txukun egiteko intentzioz zelairatzen gara beti, nahiz eta gauzak ez zaizkigun beti nahi bezain ongi ateratzen». Aurkariari ere berea eman behar zaiola uste du arrasatearrak. «Emaitzak txarrak direnean, igerri egiten da jokatzeko garaian, lotuago zaude eta. Ezeren gainetik irabazi egin behar dugu. Egoera ez da batzuek uste bezain beltza, eta ziur naiz Espanyoli irabazita beste era batera ikusiko ditugula gauzak».
Aldaketak, aldaketa bila
Ezuste handirik ezean, Mikel Gonzalezek eta Cadamurok hartuko diete lekukoa igandean Iñigo Martinezi eta De la BellariDemidoven ustez, orain arteko partidetan «oldarkorrago» aritzea falta izan zaie
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu