Aldaparako oxigenoaren bila

Athleticek Mallorcari irabazi behar dio gaur San Mamesen, Ligako onenen aurka lasai aritu ahal izateko

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Inork ez daki zein aurpegi erakutsiko duen gaur Athleticek Mallorcaren kontra. Txapelketako lehen hiru jardunaldietan denetarik egin du. Gauza onak eta txarrak. Baikor denak zuri-gorriek erakutsitako dohainak nabarmenduko ditu: estrategian arriskutsua, gauzak oker daudenean neurketa itxuraldatzeko gaitasuna, erritmo handiarekin jokatzeko ahalmena, lehiakortasuna... gauza on asko ditu Joaquin Caparrosek zuzendutako taldeak. Baina hobetu beharreko beste horrenbeste ere bai. Banakako huts larriak ez eze, talde gisa ere egin baitute huts zuri-gorriek. Erritmo biziarekin jokatzeko ahaleginean, presaka jokatu zuten San Mameseko lehen jardunaldian. Gijonen, berriz, banakako hutsak nabarmendu ziren. Iraizozena lehen golean eta atzeko lerro guztiarena bigarrenean. Eta jakinekoa da gorengo mailan garesti ordaintzen direla okerrak. Ezin dela oparirik egin, alegia.

Kontzentrazio hutsak konponduz gero, Athleticek aukera ona izango du lehen jauzia egiteko. Liga hasi baino ez den arren, sailkapena hasi da zatitzen. Zuri-gorriak sailkapeneko erdialdean daude. Horrenbestez, Mallorcari irabaziz gero, Europako postuetatik gertu egongo dira jardunaldi bukaeran. Eta jakinekoa da talde guztiek garrantzi handia ematen dietela denboraldiko lehen partidei. Ondo hasteak lasaitasuna ematen du, eta behar den patxadarekin eta konfiantzarekin askoz hobeto egin daiteke lan. Beraz, Athleticek konfiantza hartzeko neurketa garrantzitsua da gaurkoa. Baina, era berean, etorriko denari aurre egiteko ere garrantzitsua izan daiteke partida. Izan ere, datozen lau jardunaldietan txapelketako talderik indartsuenen kontra lehiatu beharko du Athleticek. Larunbatean, Bartzelona handiak bisitatuko du Katedrala. Pep Guardiolaren taldearen kontra lehiatu ostean, Valentzia eta Sevilla izango ditu zain Athleticek -Zaragozaren kontra ere jokatu beharko du, bi lehia horien artean-. Beraz, urriko aldapari aurre egiteko, garrantzitsua izango da Mallorcaren kontra oxigenoa hartzea.

Ez da samurra izango Michael Laudrupen taldea mendean hartzea. Mallorcak aldaketa asko egin ditu taldean, arazo ekonomikoak tarteko. Entrenatzaile danimarkarrak ez dauka bera futbolari zenean erakutsi zuen jokora gertura daitekeen futbolaririk, baina Mallorcan espezialistak dira talde mugatuei etekina ateratzen. Gainera, Athletici Molinonen gertatzen zaion moduan, Mallorcarentzat ere aurkari aproposa dirudi talde zuri-gorriak. «Aurreko sasoian Mallorca eta Valentzia izan ziren bi neurketetan mendean hartu gintuzten bakarrak. Kontuan hartzeko aurkaria izango da», ohartarazi du Carlos Gurpegik.

Aldaketak bai, aldaketak ez

Athleticen jokatzeko era asko aldatzen da etxean eta etxetik at. Zaleen aurrean aurkariaren bila zelairatzen da. Oso aurrean egiten du presioa. Kanpoan jokatzen duenean, berriz, zain egoteko ohitura du. Jokatzeko era ez eze, hamaikakoak ere beste ezaugarri batzuk dituzten futbolariz osatuak izaten dira. Beraz, baliteke Caparrosek aldaketa bat edo beste egitea. Atean eta atzean ez da halakorik espero. Zelai erdian eta aurrean gauzak ez daude hain argi. Javi Martinezek eta Gurpegik bermatuta daukate lekua hamaikakoan. Laugarren aukeratuaren arabera aldatzen da jokatzeko era. Orbaizek jokatuz gero, kontrol eta lanerako gaitasun handiagoa izaten du Athleticek. Susaetak jokatuz gero, berriz, zuzenagoa izango da Athletic. Aurrean, berriz, Igor Martinezek merezi du beste aukera bat Llorente ordezkaezinaren ondoan aritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.