Aldaparik ez Vettelentzat

Denboraldiko hamargarren 'pole'-a lortu du alemaniarrak, baina McLarenek estu hartuko du gaur

Laurentzi Garmendia
Donostia
2011ko irailaren 11
00:00
Entzun
Albiste batekin hasi zuen Red Bullek Italiako Sari Nagusiko asteburua: 2016ra arte Renault motoreekin jarraituko duela. Bien arteko harremana 2007an hasi zen, eta, gorabehera batzuk salbu, oso emankorra izan da. Iaz abiadura handiko zirkuituetan sufritu egin zuen Red Bullek, Renault motorearen bultzada ez omen zelako Mercedes edo Ferrariren parekoa. Atzo, ordea, albistea modu ezin hobean ospatu zuten, motoreak saritzen dituen zirkuituan pole-a lortuz. Urteko 13.a taldearentzat, eta hamargarrena Sebastian Vettelentzat.

Bi aste lehenago, Belgikan nagusi izanda pentsa zitekeen aurten Red Bull ez zela iaz bezain ahul eta babesgabe ibiliko. Baina Vettelek atzo pole-a segundo erdiko aldeaz lortu zuen, eta hori ere ez zen kinielatan sartzen. Iaz Lewis Hamiltonek (McLaren) irabazi zuen Belgikan, eta Fernando Alonsok Monzan (Ferrari). Egoera desberdina da aurtengoa, eta, zoritxarrez, polarizatuagoa. Vettel mota guztietako zirkuituetan da nagusi. Atzo, gainera, guztia biribil atera zitzaion, aurkari nagusiek ez zutelako asmatu.

Tituluak aspaldi du jabea, baina oraindik badira batzuk kontrakoa adierazten. McLarenekoek, adibidez, matematikoki aukerak dituzten bitartean lehiatzen jarraituko dutela diote. Lehia izan daiteke gaur, bai, baina ez txapelketan. Eta txapelketa galduta ere, lehiatzeko gehiago dute haiek Vettelek baino. Izan ere, bigarren postua jokoan da oraindik, eta autogileen txapelketan ere puntu asko daude banatzeko. Puntu horiek urte amaieran diru bilakatzen dira, eta badute garrantzirik.

Aurkariak aldatu egiten dira, baina azkenekotan McLaren da Red Bullen alternatiba ia bakarra. Hungarian eta Alemanian irabazi zuten, Belgikan lasterketa txarra izan aurretik. Hala ere, han ere bazuten irabazteko parada, eta joera horrek Italian jarraitzen du. Vettelen atzetik McLareneko biak daude, ohi bezala Hamilton Jenson Buttonen aurretik dela. Abiadura du batek, erregulartasuna besteak. Vettelek biak ditu. Red Bullek Monzan irabaztea ia iseka egitea litzateke, haien nagusitasunaren adierazgarri.

Vettelek pole-a erraz lortu bazuen ere, okerra da lasterketa berea dela pentsatzea. Alde handiaatera zien aurkariei Monzaren gisako pista baterako, baina lasterketan Red Bullek tarte hori galdu egiten du. Eta Alonso laugarren badago ere, beti da aurkari arriskutsua, lasterketan hazi egiten baita. Monzak bi Erresistentzia Mugatzeko Sistema (DRS) gune estreinatuko ditu. Sailkatze saioan DRSa nahierara erabil daiteke, baina lasterketan ez. Gainera, Red Bullak puntako abiadura baxua du besteen aldean. Azkarrena izateko autoa du Vettelek, baina agian ez gaur irabazteko modukoa. Ez harritu McLarenekoek edo Alonsok irabazten badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.