Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Aldarrikapen oihua nagusi

Beroa izan da nagusi Bizkaian, baina, Espainiako Vuelta Euskal Herrian sartzearekin batera, herritar asko irten dira kalera, euskal eragileek deitutako aldarrikapen deiari erantzunez.

Hainbat herritarrek Euskal Herriaren aldarrikapena egin zuten tropela Bizkaian sartu zenean. JON HERNAEZ / ARP.
Bilbo
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Bero izugarria zegoen atzokoan Bizkaia aldean. Arratsaldean 38 gradu markatzen zuen Bilkoko Kale Nagusian zegoen termometroetako batek. Horri aurre eginez eta Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzeko, hainbat herritar bildu ziren Ilsogana gainean eta Kale Nagusian, txirrindulariek helmuga tokia zuten zuzengunean.

Euskal Herriko hainbat eragilek eta alderdi politikok deitutako lehen protesta deialdia Vuelta Kantabriatik Bizkaira sartu zen unerako zegoen iragarrita. Hala ere, ESAITeko hainbat kide, Martxel Toledo koordinatzailea buru zutela, 11:00ak aldera hurbildu ziren Ilsogana gainera. Ordubete geroago iritsi ziren zenbait politikari, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea eta Joseba Gezuraga Bizkaiko Eusko Alkartasuneko koordinatzailea tartean. Euskal Herria nazioa, Basque Country a nation leloa zuen pankarta erraldoi batekin errepidea aldez alde zeharkatzea zen euren hasierako asmoa. Baina ertzain bat inguratu zitzaien pankarta horrela jartzea ezinezkoa zela esanez. Hasierako helburua aldatu eta lelo bera zuen pankarta txikiago bat jarri zuten azkenean errepidearen aldamenean. Era berean, ikurrinak lagun zituztela, Ilsoganera gerturatutako 200 bat zaleri Txirrindularitzari bai, inposaketari ez, Euskal Herria nazioa idatzia zeramaten kartelak banatu zizkieten.

15:15ean sartu ziren eguneko ihesaldian zihoazen lau txirrindulariak Bizkaiko lurretan. Euskal Herria nazioa dela aldarrikatuz eta presoen aldeko hainbat ohiu eginez, txaloka hartu zituzten txirrindulariak. Izan ere, Toledok behin baino gehiagotan adierazi zuen bildutakoen asmoa «inposaketari aurre egitea» zela, baina, «txirrindularitza maite» dutenez, txirrindularien aurrean «errespetuz» jardungo zutela. Eta hala egin zuten, Gorka Verdugo eta Igor Anton euskal txirrindulariei, lasterketa buruan zihoazenei, ez baitzitzaien animo oihurik falta izan. Hala ere, Toledok pankarta jartzea oztopatu izana salatu zuen, zaleen babesa eskertzearekin batera. «Ertzainburua izan da horrelako ekitaldi baketsu bat egitea oztopatu duena».

Ilsogana gainean zegoen Tasio Erkizia ere. «Euskal Herriak autonomia behar du», adierazi zuen ezker abertzaleko kideak, horrelako erabakiak «PP eta PSOE alderdiek duten urduritasunaren adierazle» direla gaineratuz. «Euskal Herriak autonomia behar du. Guk gure selekzio propioak nahi ditugu».

Urduritasuna nagusi

Espainiako muga zeharkatu zutenetik ordu eta erdi igaro ondoren iritsi ziren lehen aldiz Bilkoko Kale Nagusira. Helmugan nagusi ziren ordurako Euskaltelen laranja kolorea eta ESAITen elastikoaren berdea.

Aldarrikapen gogoaz gain, urduritasuna ere nabari zen zaleen artean. Ilsogana gainean gertatu bezala, Txirrindularitzari bai, inposaketari ez, Euskal Herria nazioa leloa idatzita zeramaten kartel aldarrikatzaileak banatu zituzten. Zale gehienek, tartean David Etxebarria eta Roberto Laiseka txirrindulari ohiek Igor Antonek irabaztea nahi bazuten ere, tropelak aldea jan ahala ez zen tentsiorik falta izan. Santutxun ekintza bat egiten saiatu ziren hainbat lagun identifikatu zituzten ertzainek, baina baikortasuna eta irribarrea nagusi izan ziren Bizkaiko hiriburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.