Alemania eta Polonia ariko dira finalean

Frantziari eta Danimarkari irabazi diete, bi luzapen jokatu ostean, eta txapela izango dute jokoan etzi

Julen Etxeberria.
2007ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Alemania eta Polonia izango dira aurrez aurre etzi Koloniako Kolnarena pabiloian, Munduko Eskubaloi Txapelketako finalean. Alemaniarrek eta poloniarrek atzo lortu zuten sailkapena, finalerdietan Frantziari eta Danimarkari irabazi ostean. Alemaniak 32-31 hartu zuen mendean Frantzia, eta Poloniak 36-33 Danimarka. Ederki sufritu zuten biek, bi luzapen behar izan baitzituzten finalerako txartela lortzeko. Alemaniarrek eta poloniarrek bigarren aldiz jokatuko dute elkarren aurka txapelketa honetan. Lehen ligaxkako azken partidan izan zen lehena, eta poloniarrek irabazi zuten (25-27). Orduan, hala ere, ez zegoen txapela jokoan.

Espero zen partida gogorra izatea Alemaniaren eta Frantziaren artekoa. Txapela irabazteko faboritoetako bi ziren. Bigarren ligaxkan elkarren aurka aritu ziren, eta etxeko taldeak lortu zuen garaipena. Emaitza horrek, hala ere, ezer gutxirako balio zuen. Ez zegoen sari garrantzitsurik jokoan. Atzo, ordea, finalerako sailkapena zegoen jokoan. Gainera, txapelketa hasi zuen Frantziak eta finalerdietara sailkatu zenak antz gutxi zuten. Gero eta hobeto ari ziren frantziarrak. Final-laurdenetan, Kroaziaren aurka emandako erakustaldia zen horren adibiderik garbiena.

Alemaniak ez zuen erakustaldirik eman final-laurdenetan. Espainia hartu zuen mendean, baina joko ikusgarririk egin gabe. Kolnarena pabiloia; hori izan zen neurketa desorekatu zuen faktorea. Etxeko taldeak 19.000 ikusle baino gehiagoren babesa izan zuen. Hain izan zen handia zaleek harmailetatik eginiko presioa, non epaileek ere sentitu zuten. Horregatik, inor gutxi hartu zuen ustekabean erabaki zailenetan beti etxekoen alde egin izanak.

Frantziak garbi zuen atzoko partida hasi aurretik: finalean aritzeko aukeraren bat nahi izanez gero, garaipena patrikan behar zuen azken minutura iritsi aurretik. Hori egin ezean, oso zail izango zuen garaipena lortzea. Epaileak ez zuten arriskurik hartuko. Zalantzazko jokaldiren bat egonez gero, etxeko taldearen egingo zuten.

Baina lehen jokalditik ikusi zen hori lortzea ezinezkoa izango zela. Partida ezin parekatuagoa izango zen, eta azken unean erabakiko zen nork egingo zuen aurrera eta nor geratuko zen bidean. Partidako aurreneko bost minutuetan gertatutakoak hori berretsi besterik ez zuen egin. Gol bana sartu zuten alemaniarrek eta frantziarrek. Ez zegoen zalantzarik: defentsa nagusituko zitzaion erasoari.

Lehen zati amaieran Frantzia gol bat zen aurretik (11-12). Bi taldeetako defentsak txukun aritu ziren, gogor, zorrotz. Erasoan, ordea, egon zen alderik. Etxekoek talde lanaren alde egin zuten berriz. Hala, zortzi jokalarik sartu zuten gola Alemanian. Frantzian, ordea, lau jokalarik bakarrik lortu zuten Fritzen atea zulatzea. Karabatic eta Narcisse nabarmendu ziren: bederatzi gol sartu zituzten bien artean.

Ezer gutxi aldatu zen egoera bigarren zati hasieran. Parekotasuna zen nagusi. Defentsak bere horretan jarraitzen zuten. Erasoan, ordea, ordu arte ezkutuan egondako bi jokalarik hartu zuten erantzukizuna: Baurrek Alemanian eta Abatik Frantzian -Karabaticek gol bakarra sartu zuen atsedenalditik bueltan-. Baina alferrik. Ez Baur, ez Abati, ez ziren gai izan oreka hausteko. Bi taldeok eskura izan zuten garaipena, baina ez zuten lana biribiltzen asmatu. Berdinketarekin, horrela amaitu zen arauzko denbora (21-21), baita lehen luzapena ere (27-27). Bigarren luzapena ere horrela amaituko zela zirudien, baina epaileek legezko gola baliogabetu zioten Guigouri, segundo eskasen faltan, Alemania gol bat aurretik zegoenean. Narcisse saiatu zen miraria gauzatzen, baina Fritzek, bikain berriro minutu erabakigarrietan, partidako geldiketa egin zuen. 29 urte geroago, Alemaniak eskura du Munduko Txapelketa irabaztea.



POLONIAK GOIA JO DU. Poloniak eman zuen ezustekoa, Danimarka kanporatuta. Inor gutxik egiten duen alde poloniarren alde, baina Bogdan Wentak zuzendutako taldeak berriz erakutsi zuen ez dela kasualitatez iritsi hain urruti. Estatistikak argigarriak dira. Bederatzi partida jokatu ditu Alemaniako Munduko Txapelketan: zortzi irabazi ditu eta bakarra galdu, Frantziaren aurka, lehen ligaxkan. Finalean gertatzen dena gertatzen dela, poloniarrek inoizko emaitzarik onena lortuko dute Munduko Txapelketa batean. Inoiz ez ziren finalean aritu. 1982an, Alemaniako Errepublika Federalean jokatu zen ekitaldian egin zuten lan onena atzo arte: hirugarren sailkatu ziren. Badirudi Alemanian jokatzeak on egiten diela. Danimarkak, aldiz, goia jo ezinik jarraitzen du, eta berriz ere finalaren atarian geratu da. Danimarkarrek aukera bikaina galdu dute txapela lehen aldiz irabazteko.

Alemaniak eta Frantziak jokatutako partidaren errepikapena izan zen Poloniaren eta Danimarkaren artekoa. Oso partida parekatua izan zen, baina lehen finalerdiarekin alderatuta, erasoko jokoaizan zen nagusi. Horrek gol festa egotea ekarri zuen. Danimarkak aukera bikaina izan zuen lehen luzapenera iritsi gabe irabazteko, baina Bieleckik azken unean lortu zuen berdinketa Poloniarentzat. Lehen luzapenean kontrakoa gertatu zen, Poloniak galdu zuen aukera partida erabakita uzteko. Bigarren luzapenean, ordea, poloniarrek ez zuten huts egin, eta garaipena lortu zuten.



Polonia 36

Danimarka 33

Polonia. Szmal, Kuchczynski (1), Jachlewski (1), Tkaczyk (6), Bielecki (8), M. Licewski (4) ,B. Jurecki (3) -hasierako zazpikoa-;Weiner, Jurasik (5), M. Jurecki (3), K. Lijewski (1), Kuptel, Tluczynski (3p) eta Wleklak (1),

Danimarka. Kasper, Stryger (5), Boesen (7,1p), Leegard (4), Jensen (1), Christiansen (7,1p), Knudsen (3) -hasierako zazpikoa-; Henriksen, Madsen (3), Oechsler, Jorgensen eta Boldsen (3).

Markagailua. 3-3, 5-6, 8-8, 11-9, 13-12, 15-14 (atsedenaldian); 17-15, 18-16, 19-17, 21-20, 23-23, 26-26; 30-30 (lehen luzapena); 36-33 (bigarren luzapena).

Epaileak. Breto eta Huelin (Espainia). Bi minutuz kanporatuak: Poloniako Bartosz Jurecki, Kuptel eta Marcin Lijewski (3, txartel gorria); Danimarkako Jorgensen, Knudsen, Stryger, Oechsler eta Boldsen (2).

Bestelakoak. 12.500 ikusle Color Line Arenan.





Alemania 32

Frantzia 31

Alemania. Fritz, Kehrmann (4), Hens (4), Zeitz (3), Kraus (2), Jansen (3), Klimovets -hasierako zazpikoa-; Bitter, Roggisch, Klein (3), Glandorf (5), Baur (5p), Kaufmann (1) eta Schwarzer (2)

Frantzia. Omeyer, Fernandez, Dinart, Abalo (3),Bertrand Gille (4), Guigou (3), Karabatic (6) -hasierako zazpikoa-; Abati (7, 2p) eta Narcisse (8),

Markagailua. 1-1, 3-2, 5-4, 6-7, 8-9, 11-12 (atsedenaldian); 12-13, 15-15, 15-16, 17-17, 19-19, 21-21 (arauzko denbora agortuta); 27-27 (lehen luzapena); 32-31 (bigarren luzapena).

Epaileak. Hakansson eta Nilsson (Suedia). Bi minutuz kanporatuak: Alemaniako Hens, Roggisch, Glandorf, Zeitz, Klimovets eta Kraus; Frantziako Fernandez, Karabatic, Abalo eta B. Guille (2).

Bestelakoak. Lepo bete zen Koloniako Kolnarena pabiloia, 19.000 ikusle inguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.