2. final-laurdena

Alemania, finalerdietara

4-2 nagusitu zaio Greziari, erraz. Finalerdietan Italia-Ingalaterrako irabazlearen aurka ariko da.

enekoitz esnaola
2012ko ekainaren 22a
20:43
Entzun

Lehen zatia zen, Alemanian erasoan, eta Maniatis erdilariak Papadopoulos zentralari gogor ohartarazi dio aurrelaria gertutik hartzeko, ez uzteko hiruzpalau metro, ez joateko atzera eta atzera terrenoa uzten. Papadopoulosek ez dio kasu handirik egin. Horixe izan da partida; Greziak lehen minututik eman dio baloia Alemaniari, edo hau jabetu da erabat, eta kolore bakarra izan du Eurokopako bigarren final-laurdenak: zuri-beltza, Alemaniarena. Baloiaren jabetza (%70 ingurukoa), erremateak eta golak horren lekuko. 4-2 bukatu da; Merkel kantzillerra palkoan begira zela.

Alemaniako hautatzaileak orain arteko hiru aurrelari titularren ordez (Muller, Gomez eta Podolski) beste hiru jokalari atera ditu hasieratik (Reus, Klose eta Schurrle) eta horrek zalantza batzuk sor ditzake taldean, txapeldun ateratzen den talde batek ohiko hamaikako bat izaten duelako. Dena dela, Reus gaur egun Mullerren parekoa da, eta Klosek selekzioarekin beti sartzen ditu golak —gaur bat, adibidez—.

Eta, gainera, Alemaniak Ozil du. Nagusi da taldean, baloia eskatzen du, baloia hartzen du, baloia ematen diote. Bere txapelketa izan daiteke. Khedira ondo ari zaio babesten. Ondo moldatzen dira Real Madrileko bi jokalariak.

Greziak, daukan taldearekin, nahikoa egin du Eurokopan. Final-laurdenean, gainera, susto txiki bat eman dio une batez Alemaniari, Samarasek 55. minutuan banakoa jarri duenean. Berehala jaso ditu hiru gol, ordea.

1-0: Lahm (39m). 1-1: Samaras (55m). 2-1: Khedira (61m). 3-1: Klose (68m). 4-1: Reus (74m). 4-2: Salpigidis, penaltitik (89m).

Final-laurdenak

Koadroaren alde batean:

- Txekia-Portugal: 0-1.
- Larunbatean: Espainia-Frantzia.

Koadroaren beste aldean:
- Alemania-Grezia: 4-2.
- Igandean: Italia-Ingalaterra.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.