Munduko krisiaren garaian, askorentzat txikikeria da futbola, baina Basileak futbol hondamendia eragin dezake gaur Munichen. Maiatzaren 19an Municheko Allianz Arena estadio dotorean jokatuko da Txapeldunen Ligako finala, eta etxeko taldeak bertan egoteko helburu argiarekin ekin zion denboraldiari. Final-zortzirenetara iritsita, aurkaria gutxiesteko arriskua izan zuten Alemania aldean, Basilea begiratu batera talde apala zelako. Baina sailkapen fasean suitzarrek kolpe latza eman zioten Manchester Unitedi, final-zortzirenetatik kanpo utzita. Eta Bayern Munich ere ezinean aritu zen orain bi aste, joaneko partidan. Orain bi asteko 1-0ekoa gogoan duela ekingo dio Basileak gaurko partidari, presiorik gabe. Bayernentzat, berriz, larria litzateke suitzarren aurkako kanporaketa iraultzeko gai ez izatea.
Asteburuan 7-1 irabazi zioten alemaniarrek Hoffenheimi, eta partida handia jokatu zuten Robbenek, Riberyk eta Mullerrek. Schweinsteiger ere taldera itzuli zen, luzaroan min hartuta egon ondoren. Basileak, berriz, 2-0 irabazi zion Grasshoperri, eta, ezusterik ezean, Frei eta Streller aurrelarien alde egingo du Heiko Vogelek, gol bat sartuta hiru beharko dituztelako etxekoek.
Ligako ezinak ahaztu nahian
Inter Milanek eta Olympique Marseillak Txapeldunen Ligan ahaztu nahi dituzte ligako ezinak, biak ala biak larri dabiltzalako erregulartasunaren txapelketan. Joanekoan Ayew-ek sartu zuen Olympiquen gol bakarra (1-0), luzapenean.
Alemaniako futbola krisi sakonean sar dezake gaur Basileak
Bayern Munichek Suitzako 1-0ekoa irauli beharko du gaur etxean, maiatzean finala jokatuko den zelaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu