Alemaniaren erakustaldia. Maradonaren gabeziak agerian. Maradonari eta Messiri jipoia. Argentinaren hutsuneak... Hainbat izenburu jar daitezke Argentina-Alemania final-laurdenetako partidaz. 0-4 alemaniarrak irabazle. Nagusi. Jaun eta jabe. Finalerdietara. Mundialetako selekzioa da Alemania: hiru aldiz txapeldun, lau aldiz txapeldunorde. Maila beti.
Onena pasatu zaie haiei: 3. minuturako 0-1eko gola. Bazekiten zein zen errezeta gerorako: eutsi, Argentinaren joko sormeneko gabeziak ikusi, eta kontraerasoan aritu. Horixe egin dute. Ikasgaia buruan zuten, eta zelaian praktikatu dute. Jolasa balitz bezala. Argentinan, boluntarismoa besterik ez: Messi munduaren aurka berriro, joko sortzailerik ez eta Mascherano bakarrik erdi-erdian, Di Mariaren zaztadaren bat hegaletik -eskubitik gaur-, Higuainen erremate solteren bat... Gutxitxo txapeldun izan nahi bada. Sar zezaketen golen bat halakoren batean Maradonaren mutilek, baina 0-1 atsedenera.
Zer egin ez dakiela geratu da Maradona. Haren gabeziak agerian, bai. Entrenatzaile edo hautatzaile bezala ez du ezer erakutsi. Errekurtsorik ez, teatroa ugari. Futbolari aparta izateak ez du bermatzen aulkiko izar izatea.
Bigarren zatian, Alemaniaren punta zorrotza ikusi da. Kontraeraso asko. Batik bat, bere ezkerraldetik egin du mina. Handik etorri dira beste hiru golak: 0-2koan Podolski barruraino, pasea Kloseri, eta gola; 0-3koan Schweinsteiger sukalderaino eroso-eroso, pasea Friedrichi, eta 0-3koa; 0-4koan alemanak barneratu ezkerretik, erdiratu eta Klosek gola.
Messik porrot egin du Hegoafrikan -kasu, golik ez!-. Argentina ez da Bartzelona: ez du hegaletako jokorik, ez du Xavi edo Iniestarik. Messi ez dago eroso han. Egurra jasoko du berriro bere herrialdean, ez dela inplikatzen eta abar. Kontua ez da hori. Baina aukera ona galdu du mutilak Maradona futbolariaren parera iristeko bidean.
Espainiaren aurka ariko da Alemania finalerdietan. Muller erdilariak ez du jokatzerik izango, txartel horiengatik.
Argentina 0. Romero; Otamendi (Pastore, 69m), Demichelis, Burdisso, Heinze; Di Maria (Aguero, 75m), Mascherano, Maxi; Messi; Tevez, Higuain.
Alemania 4. Neuer; Lahm, Friedrich, Mertesacker, Boateng (Jansen, 72m); Khedira (Kroos, 78m), Schweinsteiger; Muller (Trochowski, 84m), Ozil, Podolski; Klose.
0-1: Muller (3m). 0-2: Klose (68m). 0-3: Friedrich (74m). 0-4: Klose (89m).
final-laurdenak
Alemaniaren erakustaldia
0-4 irabazi dio Argentinari final-laurdenetan. Porrot egin dute Maradonak eta Messik. Mullerrek ezingo du jokatu finalerdietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu