Gaur konfirmatu du Ferrarik Fernando Alonsok hiru urtez beraientzat gidatuko duela, urte asko iraun duen zurrumurrua amaituz. Espainiarrak Kimi Raikkonenen tokia hartuko du denboraldi amaieran, eta finlandiarrak McLarenerako bidea hartuko du ziurrenik.
Felipe Massaren alboan gidatuko du Fernando Alonsok 2010etik aurrera. Stefano Domenicalik eman du berria: "Oso pozik ematen diogu ongietorria beste gidari irabazle bati, orain arte bi munduko txapelketa irabaziz bere talentua erakutsi duena". Fernando Alonso 2005 eta 2006ko Munduko Txapelduna da, baina Renaulteko azken bi urteetan ez da aurrean aritu.
Ferrarik beste txapeldun baten ordez hartu du Alonso, baina Raikkoneni esker ona azaldu diote: "Kimi-ri [Raikkonen] eskerrak eman nahi dizkiogu denbora tarte honetan Ferrarirekin egin duen guztiagatik. Bere lehen urtean gidarien titulua irabaztea lortu zuen, Ferrariren historia aberastuz, eta 2007 eta 2008ko autogileen tituluetan ezinbesteko lagungarri izan zen".
Raikkonenek penaz agurtu du taldea: "Bi aldeak ados jarrita, 2010 amaiera arte Ferrarirekin lotzen ninduen kontratua amaitzea erabaki dugu, aurrikusia baino urte bete lehenago. Oso triste nago taldea uzteagatik, hiru urte zoragarri igaro ostean, lasterketa ugari irabaziz. Beti etxean bezala sentitu naiz hemen eta oroitzapen eder mordoa izango daramatzat".
Fernando Alonsok oraindik ez du adierazpenik egin.
1 formula
Alonso Ferrarira, Raikkonen ordezkatuz
Hiru urtez gidatuko du talde horretan pilotu espainiarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu