Alonso, gauez ere bai

Lehen postutik irtengo da berriro, Vettel eta bi McLarenak gainditu ostean; Webber, aldiz, bosgarren

Laurentzi Garmendia
Donostia
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Bigarrenez jarraia, Fernando Alonsok 'pole' a lortu zuen Singapurreko Sari Nagusirako sailkapen saioan. Ferrarikoak azken sailkatze saiorako utzi zituen onenak, eta Sebastian Vettel bakarrik gerturatu zitzaion amaieran. Hala, duela bi lasterketa erabat jokoz kanpo zeudela ziruditen bi gidariak, nolabaiteko outsider-ak, lehen lerroan dira gaurko lasterketan, oraindik ere titulua bereganatu dezaketela aldarrikatu nahian.

Lehenagotik esana zuen Red Bulleko Chris Hornerrek asteburu honetan -eta ziurrenik hemendik aurrerakoetan ere- Ferrari izango zela haien aurkari nagusia. Eta halaxe gertatu zen atzo, baina Ferrariren mehatxu hori egiaztatzeaz gain, Red Bullek beste albiste txar bat jaso zuen, Mark Webberrek ez zuelako Vettelen maila bera eman Marina Bay zirkuituan, eta bosgarren postutik aterako da gaur. Saio gehienetan Vetteli neurria hartu ezinik ibili da gidari australiarra, eta atzoko sailkapenean berriro gertatu zen, modu oso deigarrian gainera: segundu erdi atzerago gelditu zen Munduko Txapelketako liderra.

Alonso gorakadan dago, eta mekanikak ondo erantzuten dionean hazi egiten da.Oso zaila da espainiarra egoera honetan garaitzea, eta irteera da horretarako aukera txikietako bat. Italian Buttonek egin bezala, Vettelekhortxe izango du espainiarra aurreratzeko aukera, lasterketan antzeko abiaduran ibiltzen direlako biak ala biak. Pistan, beraz, aurrekoen artean alde txikiak izango dira, baina aurreraketak ere oso apurrak. Ferrarik kendu egin du F-hodia lasterketa honetarako, eta horixe izan daiteke atzekoek erabil dezaketen puntu ahula.

Hamilton, gertu

Gainerakoan, Lewis Hamilton ere ez dago oso urrun eta ez da komeni, inolaz ere, gidari ingelesarekin ahaztea. Egia da McLaren autoari zertxobait falta zaiola itsaspen handia eskatzen duten zirkuituetan, baina haren trebeziak alde hori ia ezerezean utzi zuen atzo, eta hirugarren postutik aterako denez, aukera ederra du Webberrengandik lidergoa berreskuratzeko. Begirada guztiak Ferrari eta Red Bulleko gidarien gainean daude jarrita, baina bigarren lerro osoa McLarenek osatzen du, eta hortik badute sorpresa emateko aukera, batez ere euri zaparradak agertuz gero. Felipe Massak arazoa izan zuen aldagailuarekin eta azken postutik aterako da, Alonsori laguntzeko aukerarik gabe. Gidari guztiek ezohiko baikortasuna erakutsi zuten sailkapen saioaren ostean. Alonso dago'pole'-an, eta lasterketa euritsuaren aukerak ez du Ferrariko gidaria kezkatzen. Vettelek, bigarrenak, uste zuen lehen postuan egoteko moduan zela. Eta Hamiltonek, hirugarrenak, Red Bullak garaitzeko modukoak direla zioen. Esanak esan, aipatutako hiru gidariak tarte txikian daude, eta lasterketa bizi baten bermea da hori..
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.