Fernando Alonso (Ferrari) bilakatu zen igandean 1 Formulako sasoi ero honetan bi garaipen lortu dituen lehen gidaria. Sailkatze saioan 11. izan ondoren, egun bat geroago, erabat irauli zuen egoera espainiarrak. Sebastian Vettelek eta Lewis Hamiltonek, haren bi aurkari zuzenek, gainera, ez zuten puntu bakar bat ere lortu.
Alonsoren garaipenak bi gako izan zituen. Bata, lasterketa berriro abian jarri zenean izan zuen jarrera ausarta, Romain Grosjean aurreratuz (Lotus). Maisu aritu zen, eta metro gutxi batzuk utzita zertarako gai den erakutsi zuen. Bigarren gakoa, erabakigarriena, alternadoreen haustura izan zen. Autoa energia elektrikoz hornitzen duen gailua hautsi zitzaien Vetteli eta Romain Grosjeani. Biek ala biek Renault motorea daramate, eta lasterketako une berean gertatu zen matxura.
Une hori iritsi arte, Vettelek zeraman erritmoa etsigarria zen gainerakoentzat. Red Bullek aldaketa asko prestatu zituen, eta dardarka utzi denak. Ziur matxura berriz ez gertatzeko neurriak hartuko dituela. Grosjeanek garaipena merezi du, Kimi Raikkonen atzean uzten ari baita. Aldiz, gidariekin zer egin pentsatu behar duena Williams da: Bruno Senna mantsoa da, eta Pastor Maldonado, azkarra bezain burugabea.
Alonsok inoiz baino alde handiagoa du sailkapenean: hogei puntura du Mark Webber. Espainiarrari metro bat uztea arriskutsua bada, halako aldea emanda... Bi aste barru jokatuko da hurrengo proba: Britainia Handian.
Alonso izan da sasoi honetan bi lasterketa irabazi dituen lehen gidaria
Ferrariko espainiarra nagusitu zen igandean Valentzian, eta Vettel eta Hamilton erretiratu egin ziren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu