1 Formulan arrakastak iraupen laburra du. «Jendeak zure azken lasterketan emandako maila bakarrik du gogoan» ohiko esaldia da mundutxo honetan. Baina azken lasterketa iazko urriaren 16an Txinan korritu zen, eta Alonsok irabazi zuen. Urrutiegi dago hura, denboran zein teknologian. Izan ere, espainiarrak urte berriarekin aurkari berriak izango ditu.Iaz gertatu bezala, etenaldi luzea izan du 1 Formulak neguan. Inoiz baino lasterketa gehiago izan ziren 2005ean, baina elkarrengandik oso gertu, eta denboraldia goiz amaitu zen. Ia bost hilabeteren ondoren itzuliko da lehia, baina tarte horretan taldeak ez dira geldirik egon. Araudiak bi aldaketa nagusi ditu teknikoki. Batetik motorren edukiera murrizketa, V10 eta 3,0 litroak alboratuz V8 eta 2,4 litroak inposatu ditu FIAk. Bestetik, pneumatikoak lasterketan nahi adina aldatu ahal izango dira, iaz araua atzera botaz.Urteroko ohitura diren berrikuntza horien ondorioz, taldeek milaka kilometro egin dituzte neguan, diseinatu berri diren autoak egokitzeko. Hasiera-hasieratik talde batzuk oso sendo azaldu dira. Horien artean Renault eta Honda dira azpimarragarrienak, maila berean. Abiadura apartaz gain, sendotasun harrigarria erakutsi dute, batez ere japoniarrekin. Horregatik, aurten Honda oso kontuan hartzeko taldea da.Renaultek apostu ausarta egin zuen, V8 motorra beste inork baino beranduago erabili zuelako. Askoren ustez planifikazioa atzeratua zeramaten. Izan ere, Toyota eta Mercedesk iazko irailean probatu zituzten lehen aldiz V8 motorrak pistan. Renaultek berea urtarrilean bakarrik izan du prest. Hala ere, frantziarrek lan aparta egin dute, pista zapaldu eta berehala denbora onenak egin baitituzte.Italiarrek esperantza handia dute 2006 honetan, eta iazko guruzbidea ahaztu nahi dute. Denboraldi hura pneumatikoen aferak okertu zuelakoan daude edo hala sinestarazi nahian dabiltza, eta goma bigunagoetara itzultzea euren alde dute. Baina 1 Formula ez da bat-bateko aldaketen lagun, eta hori dute kontra. Ferrarik beheranzko bidea hartu zuen iaz zentzu askotan, eta halako handitasuna duen zerbait berriro bideratzeak denbora darama.Schumacher bere zortzigarrena irabazteko grina ase ezinez dago. Badaki iazkoak berari ere eragin ziola eta lasterketa batzuetan ez zuen bere onena eman. Rossi ate joka da Ferrarin eta Schumacherrek postu gorenean agurtu nahi ditu Scuderia nahiz 1 Formula. Taldekide berria du aurten, brasildarra oraingoan ere: Felipe Massa. Hala ere, hari urtebeteko kontratua bakarrik egin diote, transiziozko postu bat dirudiena betetzeko. Ongi erabiliz gero berebiziko aukera du, baina gidari ona izanda ere, ez dirudi puntakoa.Faboritoen taldea itxiz McLaren-Mercedes ageri da. Gidari pare osoena dauka, iaz bien artean denboraldiko azken zazpi lasterketatik sei irabazi baitzituzten. Gutxi dira urtean zehar McLarenek erakuts dezakeen progresioa mantentzeko gai, baina ezin da ahaztu talde honen akats nagusia urte hasierako sendotasun falta izan ohi dela. Neguan horrenbeste froga bat eman dute, Mercedesek prestatu zuen lehen V8 motorra indarge eta ahula baitzen. Arazo horiek bultzatuta, denboraldia hasteko lau asteren faltan motor berritua atera zuten. Motor horri esker McLarenek lehen postuetan muturra agertu du, eta sendotasunean ere pauso garbia eman. Argi esanda, motor hori gabe McLarenek oso urte zailari aurre egin beharko zion.Gainerako taldeak: Williams-Cosworth-BMW-Sauber lehian,Toyota izango dute gertu. Red Bull-Ferrarik seguruenik ez du lasterketa amaituko, Midland-Toyotak nahikoa du Errusiako lehen 1 Formula talde izatearekin, Toro Rosso-Cosworth V10ek ikuskizuna emateko balioko du, eta Super Aguri-Hondak bi gidari kamikaze ditu, mekanikarien zoritxarrerako.
MOTORRAREKIN BUELTAKA
V8 eta V10; zer aldatu da?
Zilindro kopurua eta motorraren edukiera murrizteak dituen eraginak ez dira horren begi-bistakoak. Badira ondorio zuzen batzuk, eta beste batzuk zuzenki ez bada ere aldaketa jasan dutenak. Gidatzeko era bera desberdina da batekin edo bestearekin.
Lehenik eta behin, motorraren potentzia murriztu egiten da, eta lehen kalkulu sinpleen arabera, V10 batek ia 900 zaldi bazituen, aurten edukieraren %20 galduta, V8 baten potentzia 720 zaldi ingurutan izan daiteke. Zalantzarik gabe, denboraldiak aurrera egin ahala zifra horiek gora egingo dute, eta dagoeneko 740 zaldi ere aipatzen dira.Pentsa daiteke aurtengo motorrak arinago eta txikiagoak izango direla, baina FIAk debekatu egin du hori, pisu naiz luzera minimo bat ezarriz motorrei. Auto osoaren pisu minimoa bere horretan utzi duenez, pisu/potentzia erlazioak okerrera egin du eta mantsoago joan behar lukete. Ostera, Valentziako pistan errekorra egin zuen Anthony Davidsonek, Honda taldeko proba gidariak.Motorrek hozteko ahalmen gutxiago behar dutenez, aire erradiadoreen tamaina txikiagoa da, eta motorrak berak forma landuagoa duenez, autoaren atzealdean aerodinamika asko garbitu da, eraginkortasuna handituz. Honela, atzeko aleroia gutxiago kargatu ahal izango da, eta potentzia murrizketak zuzenguneko abiaduran duen eragin negatiboa nolabait txikitu.Aairearen sarrera hodien luzera aldakorra zen orain arte, motorraren erabilpen tartea zabalduz. Aurten ez da halakorik, eta potentzia kurba ez da lehen bezain horizontala. Ondorioz, trakzio kontrola gehiago landu beharko da.
Renault
r26
Motorra: Renault V8 RS26. Pneumatikoak: Michelin. Aipagarria: Munduko txapeldunak. Jarraipenaren aldeko apostua.
Alde: Sendotasuna, abiadura eta Alonso.
Aurka: Alonsoren azken urtea, McLarenera doala jakina da.
McLaren
MP4-21
Motorra: Mercedes V8 FO 108S. Pneumatikoak: Michelin.
Aipagarria: Adrian Newey aerodinamikaria eta Tombazis ingeniaria galdu dituzte.
Alde: Teknologia, baliabideak, Raikkonen, Montoya.
Aurka: Sendotasuna. Hurrengo urtean gidari bat kalera doa.
Midland
M16
Motorra: Toyota V8 RVX-06.
Pneumatikoak: Bridgestone.
Aipagarria: Errusiako taldeka, eta Erresuma Batuko oinarria. Helburu komertzialak ditu gehiago.
Alde: Ez da besteen aurkari izateko sartu.
Aurka: Anbizio gutxi.
Toro Rosso
-
Motorra: Cosworth V10.
Pneumatikoak: Michelin.
Aipagarria: Minardi talde ohia, Red Bull-en diruz hornitua.
Alde: Ezer frogatu behar ez duen taldea. Beraz, gidarien lasaitasuna.
Aurka: Denboraldiak aurrera egin ahala atzean geldituko da.
Williams
fw28
Motorra: Cosworth V8 CA2006.
Pneumatikoak: Bridgestone.
Aipagarria: Pneumatikoak, BMW motoreak galdu izana, eta Nico Rosberg gidaria
Alde: Cosworth motorea eta ostiraletan hirugarren autoa.
Aurka: Iaz hasitako gainbehera.
Super Aguri
SA05
Motorra: Honda V8 RA806E.
Pneumatikoak: Bridgestone.
Aipagarria: Azken orduan sartu eta sortu den taldea.
Alde: Lehen urtea. Lasterketan egotea saria da dagoeneko. Honda motorra.
Aurka: Teknologia zaharkitua auto berria egin artean.
Ferrari
248 f1
Motorra: Ferrari V8 056.
Pneumatikoak: Bridgestone.
Aipagarria: Felipe Massak Barrichelloren tokia hartu du.
Alde: Gurpil aldaketak, Schumacherren amorrua.
Aurka: Iazkoaren arrazoi bakarra ez ziren pnematikoak.
Toyota
TF106
Motorra: Toyota V8 RVX-06.
Pneumatikoak: Bridgestone.
Aipagarria: Bridgestone pneumatikoetara aldatu dira, japoniarrak direlako.
Alde: Autorik goiztiarrena aurten, eta sendotasuna.
Aurka: Sendoa bada ere, abiadura falta zaio.
Honda
V8 RA606E
Motorra: Honda V8 RA806E.
Pneumatikoak: Michelin.
Aipagarria: Taldea Hondak erosi duela, eta Barrichello dutela.
Alde: Abiadura, sendotasuna eta Button. Barrichelloren esperientziarekin batera.
Aurka: Urtean zehar garapen jarraia egiteko ahalmenik eza.
RedBull
RB2
Motorra: Ferrari V8 056.
Pneumatikoak: Michelin.
Aipagarria: Adrian Newey-ren fitxaketa, Ferrari motoreak.
Alde: Coultharden heldutasuna, Ferrari motoreak.
Aurka: Auto ahula, iazkoaren jardunahobetu beharraren presioa.
BMW Sauber
F1.06
Motorra: BMW V8 P86.
Pneumatikoak: Michelin.
Aipagarria: Sauber taldea BMWren eskuetan egongo da, berrikuntza asko.
Alde: Egitura serioa, eta Heidfelden abiadura
Aurka: Auto kontserbadorea., Villeneuven maila ikusteke.