Triste eta haserre bukatu zuten Itxakoko jokalariek Txapeldunen Ligako Leipzigen kontrako estreinako partida, joan den larunbatean. 23-24 galdu zuten Lizarrerria kiroldegian, eta saririk gabe gelditu zen nafarrek egindako ahalegina. Horregatik, haserrea eta tristura indar bilakatzen saiatuko dira gaur, Austrian, Hypo Niederoesterreich taldearen aurka (20:15, Canal 6). Txapeldunen Ligako lehen garaipena lortu nahi du Itxakok, eta urrats sendoak egiten hasi Europako lehiaketako bidean.
Aste gogorra izan da azken hau Lizarrako taldearentzat, herenegun Mar Alacanten pistan jokatu baitzuen ABF ligan -26-33 irabazi zuten-. Lizarrara itzuli gabe hartu zuten atzo Austriarako bidea. Atseden hartzeko denborarik, beraz, ez dute izan Ambros Martinen jokalariek. Nekeari aurre egitea baino, burua Txapeldunen Ligan jartzea izanen da gaur nafarren erronka nagusietako bat. Kontzentratzea. Ahalegin berezia egin beharko du taldeak, Ambrosek onartu eta azpimarratu duenez, alemaniarren aurkako lehendabiziko norgehiagoka galdu eta gero. Leip-zigek, hain zuzen ere, 31-25 irabazi zion joan den asteazkenean Hungariako Korvex taldeari, Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako bigarren jardunaldian. Alemaniako taldeak sendo hasi du ibilbidea, eta aurkariek, ondorioz, ezin dute hutsik egin, bidea erraztu nahi ez badiote, behintzat.
Itxakoko jokalariek argi dute garaipena behar dutela gaur. Europan nor diren erakutsi nahi dute, eta, horretarako, emaitzak behar dituzte, lehenbailehen. Aurrean, hala ere, ez dute nolanahiko aurkaria izanen. Joan den asteko Txapeldunen Ligako lehen jardunaldian 22-21 galdu zuen Hypok Korvexen aurka, baina, hala ere, Europan kontuan hartzeko taldea da. Ambrosek gogora ekarri duenez, Austrian ez du aurkaririk Hypok. Lehendabiziko postuan da jada, Itxakok bezala, jokatu dituen bost partidak irabazi baititu. Europan, halaber, sona handiko taldea da, eta garaipen zerrenda ikusgarria du: zortzi aldiz irabazi du Txapeldunen Liga -azkena, orain hamar urte-, eta behin Txapeldunen Kopa. Iragan sasoian, berriz, ez zuen gainditu Txapeldunen Ligako lehen ligaxka.
Lehia eta beharra
Itxakok bezala, porrot batekin hasi du Txapeldunen Liga Hypok ere. Gaurkoa, beraz, lehia biziko partida izanen da bi taldeen artekoa. Beharra dute biek, eta Europan protagonista izateko gogoa eta grina. Itxakok Europan gauzak ongi egiteko duen gogoari buruz inork ez du zalantzarik egiten. Erronka ez da nolanahikoa, ordea, eta ahalegin berezia egin beharko du. Puntuak irabazten hastea funtsezkoa da nafarrek indarberrituta eusteko Txapeldunen Ligako erronkari.
Erizaindegian gauzak ez dira askorik aldatu, ordea, zoritxarrez. Naiara Egozkuek, Macarena Aguilarrek eta Raph Tervelek min hartuta jarraitzen dute, eta ezin izan zuten jokatu herenegungo ABF ligako partidan. Carmen Martin ere ez zen aritu, baina gaur jokatzeko prest da. Lizarrakoek badute hutsa betetzeko gaitasuna. Partida serioa jokatu beharko dute, hala ere, euren maila erakusteko. Kontzentrazioari eutsi, eta Europako lehiaketan jarri burua. Eta gogoa. Europako onenen mailan direla erakutsi nahi dute Itxakoko jokalariek, eta horretarako aukera guztiak profitatu behar dituzte. Gaur dute lehendabizikoa.
Altxa eta kolpe bat eman
Itxakok Txapeldunen Ligako estreinaldiko porrota ahaztu nahi du gaur, Austrian, Hypori irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu