Eibarrek argitu du nork hartuko duen Alex Aranzabalen lekukoa presidente karguan: Amaia Gorostiza izango da presidente berria.
Eibarren ez ezik, Lehen Mailako gizonezkoen futbol ligan presidente kargua duen emakume bakarra da, nahiz talde armaginaren administrazio kontseiluan gizonezkoak diren gainerako 11 kideak.
Gorostizak astearte goizean hitz egingo du prentsaren aurrean, taldea zuzentzeko zer-nolako asmoak dituen azaltzeko.
Administrazio Kontseiluak astelehen gauean hartu du erabakia, eta azaldu du Gorostiza 2014az geroztik dela Administrazio Kontseiluko kidea. Eibarren bertan sortua da, eta Grupo Amaya Telleria enpresako Administrazio Kontseiluko kidea da, baita Elkargiko kide eta beste zenbait enpresetako kontseilari ere.
Aranzabalen lekua hartuko du Gorostizak. Aranzabal zazpi urtez izan da Eibarreko presidente, 2009tik. Lehen Mailaraino igotzea lortu du taldeak haren urteetan, eta baita kapital handitze bat egitea ere.