Azken bi denboraldietan, mailari eusteko, azken jardunaldia arte borrokatu behar izan du Osasunak, baina sasoi honetan amaiera lasaiagoa izango du. Joan zen asteazkenean Deportivo menderatu ostean, salbazioa matematikoki ziurtatu zuen, eta batere presiorik gabe jokatuko du gaur Espanyolen zelaian. Ezer ez dute jokoan izango gorritxoek, baina Jose Antonio Camachok ezohiko jokalariei emango die hasieratik jokatzeko aukera, eta jokalari horiek ezin dute denbora pasa zelairatu. Datorren denboraldian ere Osasunan jarraitzea merezi dutela erakutsi beharko dute hurrengo bi jardunaldietan Dady, Galan, Masud, Calleja eta Jokin Esparzak, besteak beste. Klubeko kirol ordezkariei dagokienez, berriz, jokalari horien ekarpena aztertzea izango da gaurko partidaren ondorio baliagarri bakarra.
Espanyolek ia-ia lortuta dauka salbazioa, baina Mauricio Pochettinok zuzentzen duen taldeak Bigarren Mailara jaits daiteke oraindik. Puntu bakarra behar dute kataluniarrek mamu guztiak uxatzeko, eta horretan ahaleginduko dira gaur Osasunaren aurkako norgehiagokan.
Espanyolek 41 puntu ditu, eta Zaragoza (40), Sporting (39), Racing (36) eta Malaga (36) atzetik izateak lasaitasuna ekarri dio, baina oraindik arrisku apur bat badu; talde horiek guztiek 41 puntuak gaindituz gero, eta Tenerife 41 punturaino iritsiz gero -bi partidak irabazi beharko lituzkete kanariarrek-, Espanyol Bigarren Mailara jaitsiko litzateke. Espanyolek 2-1 menderatu zuen Tenerife lehen itzulian, baina 4-1 galdu zuen bigarren itzulian Heliodoro Rodriguez Lopez futbol zelaian. Puntutan berdinduta amaituz gero, beraz, Tenerifek aurrea hartuko lioke Espanyoli sailkapenean. Ia-ia ezinezkoa da, karanbola ikaragarria izango litzateke; baina, badaezpada, gaur amaitu nahi dute denboraldia Espanyolekoek, Osasunaren aurkako lehian gutxienez falta zaien puntua lortuta.
Bere jokalariei gaur iluntzeko partidarako motibazioa faltako ote zaien galdetuta, Camachok argi hitz egin zuen atzo: «Dadyk, Masudek, Jokinek eta enparauek ohi baino denbora gehiago jokatzeko aukera izango dute azken bi jardunaldi hauetan, eta jokalari hauek motibatuta zelairatu behar dute», esan zuen Osasunako entrenatzaileak. Hori esan aurretik Camachok jakinarazi zuen Roberto Fernandez atezaina hasieratik ariko dela, Ricardo Lopezen ordez.
Amaiera lasaiaz gozatu nahi du, aspaldiko partez
Camachok gutxien aritu diren jokalariak zelairatuko ditu gaur Bartzelonan, Espanyolen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu