eskubaloia

Ambros Martinek Itxako utzi eta Hungariara joatea erabaki du

Zortzi urtean 11 titulu irabazi ditu. "Aro bikaina izan da". Jose Ignacio Prades da haren ordezkoa.

2012ko maiatzaren 21a
15:21
Entzun

Ambros Martinek Itxako Lizarrako klubeko zortzi urteko aroari bukaera ematea erabaki du, entrenatzaile kargua utzita, eta datorren deboraldirako badu taldea: Hungariako bat, Gyori. Bi urterako fitxatu du.

11 titulu irabazi ditu Itxakorekin, eta gaur esan du adio, Iruñean prentsaurreko bat emanda. "Aro bikaina izan da, zoriontsu izan naiz. Dena dela, hau ez da agur bat, gero arte bat baizik". Martinek adierazi du klubean azkeneko hilabeteetan izandako arazo ekonomikoek ez dutela han izandako aroa kaltetu.

Itxakorekin Txapeldunen Liga irabazi ez izana arantzatzat jo du, baina iazko bigarren postua arrakasta handitzat dauka. Gyorin izango duen helburu nagusia Txapeldunen Liga lortzea izango da, haren arabera.

Jose Ignacio Prades da Martinen ordezkoa. Gaur bertan aurkeztu dute. Aitortu du "erronka zaila" duela aurretik, Martinek lortutakoagatik, baina "ilusioa" duela esan du. Datorren denboraldiko plantilla hiru aste barru zehaztuxe izatea espero du.

Elda taldean aritu da azkenaldian Prades.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.