Anaitasunak etxetik kanpoko lehen partida irabazi nahi du gaur Vigon

Octavio aurkari zuzena da mailari eusteko lehian, eta Iruñeko taldeak baino puntu bat gehiago du

Erredakzioa
Iruñea
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Anaitasunak etxetik kanpoko lehen partida irabazteko aukera du gaur, Academia Octavioren pistan (20:45), Asobal Ligako 8. jardunaldiko partida aurreratuan. Iruñeko taldeak iragan astean lortu zuen lehen garaipena, eta bolada aurkari zuzen baten kontra luzatu nahi du Aitor Etxaburuk zuzentzen duen multzoak. Vigoko taldeak (Galizia) Anaitasunak baino puntu bat gehiago du, eta mailari eusteko borrokan sartuta dabil.

Anaitasunak liga hasierako larritasunak arindu zituen Palmar del Riori irabazi ondoren, eta baikor egin zuen atzo Galiziarainoko bidea. Errepidez joan zen, eta iritsi berritan entrenamendu saioa egin zuen. Asfaltoa talde txiroen patua dela badaki Etxaburuk. «Bidaia luzeenetako bat da hau. Zaharrak garenak badakigu errepideak asko hobetu direla, baina hamar ordu asko dira». Dena den, egun osoko atsedena nahikoa izan behar luke kilometro sortaren eragina murrizteko.

Bidaia baino buruhauste larriagoak dira hutsuneak, eta bat ziurra da: Bernatonis gol egilearena, gainkarga baitu izterrean. Beste bi jokalariren parte hartzea, berriz, kolokan egongo da azken unera arte: Chocarrorena, zuntz haustura txiki batekin, eta Carvajalena, bizkarreko arazoekin. Gauzak hala, eta badaezpada ere, teknikariak hamalau jokalari eraman ditu Vigora.

Anaitasunak Bartzelonaren eta Atletico Madrilen aurka galdu zituen etxetik kanpoko lehen bi partidak, aurretik ere ia ziurtzat jo zitezkeen porrotak. Duela bi aste, halere, Guadalajaran galdu zuen (25-22), eta gaur orduan emaniko irudia hobeto beharko du, punturik lortu ezean jaitsiera postuetan sar daitekeelako.

Aurkaria dagokionez, etxean maila ona ematen du. Partida bakarra irabazi du As Travesaseko kiroldegian, baina Logroñoko Naturhouseren aurka izan zen. Krisiaren eragina asko nabaritu du, eta, ahal fisikoa galdu badu ere, eskarmentua sobera du; hala uste du, behintzat, Etxaburuk. «Jokalari beteranoak ditu, une estu eta zailetan nola jokatu behar den ondo dakitenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.