San Antoniok gaizki, eta Anaitasunak ongi. Garaipen batekin hasi du Aitor Etxabururen taldeak Asobal ligako etapa berria. Granollersen aurka aritu ziren iruindarrak atzo, eta 29-30 irabazi zioten aurkariari, haren pistan. Nafarrak hasieratik jarri ziren aurretik markagailuan, eta lortutako aldea ongi kudeatzen asmatu zuten. Etxeko taldeak berdintzeko aukera eskura izan zuen, baina ihes egiten utzi zion.
Anaitasunak borrokatzeko gogoz dela erakutsi zuen Granollersen pistan. Jokalari nafarrek hasieratik argi utzi zieten kataluniarrei konplexurik gabe ariko zirela pistan, Asobalera igo berriak diren arren.
Lehen zati ia osoan aurretik izan zen Anaitasuna markagailuan. Atsedenaldira 16na berdinduta ailegatu ziren bi taldeak, Granollersek defentsa sendotzeko egindako saioari esker. Bigarrenean, hala ere, gauzak ez ziren ongi hasi etxekoentzat. Berehala 17-20 jarri zen Anaitasuna aurretik. Aldea murrizten joan ziren etxekoak, eta azken minutuan penalti baten bidez berdintzeko aukera eskura izan zuten. Baina huts egin zuten. Anaitasunak eskuratu zuen sasoiko lehen garaipena.
Itxakok eta Bera Berak, irabazi
Itxakok ez zuen hutsik egin, eta erraz nagusitu zen atzo Gijonen, ABF ligako lehen jardunaldian.18-35 irabazi zuen. Donostian jokatutako derbian, berriz, 39-19 nagusitu zen Bera Bera Kukullagaren aurkako partidan. Bi taldeen arteko aldea sumatu zen pistan.
Anaitasunak ezustean hartu du Granollers, eta 29-30 irabazi du haren pistan
Kataluniarrek eskura izan dute partida berdintzeko aukera, baina puntuak nafarrek lortu dituzte azkenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu