ANALISIA. MUNDUKO SERIEAK

70 urteko isilunearen ondoren

Laurentzi Garmendia
2005eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Garai batean Euskal Herriak automobilismo zirkuitua izan zuen, eta garaiko gidaririk onenak elkartzen zituen. Hamazazpi kilometro luze, Lasarteko hipodromotik atera eta Andoain, Urnieta eta Hernani zeharkatzen zituen. Donostiako Sari Nagusia, Espainiakoa eta Europakoa ere bertan jokatu ziren, 1920 eta 1935 urteen artean, Espainiako gerrak betiko eten zuen arte.

Haren ondotik, auto lasterketak ez dira maila horretan itzuli. Duela hogei bat urte, Zumaian nazioarteko lasterketak antolatzeko proiektua garatu zuten, 1 Formula eta guzti. Bernie Ecclestonek bazuen proiektuaren berri eta harekin bilera bat baino gehiago ere egin ziren. Baina kontua da gaur egun, Lasarteko azken lasterketa korritu zenetik hirurogeita hamar urtera, ez dela haren itzalera iristen den karrerarik izan.Bilbok hutsune horretan burua atera du, oso modu ezohikoan. Gutxi dira gaur egun hiri barnean korritzen diren lasterketak, ukaezina baita antolakuntza eta prestakuntza aldetik zailtasun gehiago dituztela. Zirkuitua bera ez da orri zuri baten gainean marraztua, hiriak berak dituen kale nahiz etorbideek eskaintzen duten mapa mugatua baita. Tokia murritza den aldetik, segurtasun neurriek arreta berezia eskatzen dute.Eta horrekin guztiarekin, Bilbok aurrera egin du. Teknikoki, zirkuituak ezaugarri zoragarriak ditu. Bere gainetik igarotzen denez, Ò8Ó formako zirkuituen barruan sartzen da, eta hortaz, zirkuitu konpentsatua deitzen zaio, alde batera nahiz bestera egiten duelako. Ibaiaren gainetik bitan igarotzen da, kontraste handiko bi elementu gerturatuz, automobilismoa lehorreko kirola baita guztiaren gainetik. Eta gainera, Euskalduna zubiak, bihurgunea osatuz, ez du parekorik munduko beste zirkuituetan. Segurtasun aktiboa txikaneekin sendotu dute, zuzenguneak ebakiz.Hau guztia, World Series by Renault deitzen den kategoria batentzat egina da. Futbolak orokorrean kirolekin ÒkanibalizazioÓ papera jokatzen duen moduan, 1 Formulak automobilismoarekin ere antzekoa egiten du. World Series delakoa pauso garrantzitsua izan da gidari askorentzat, eta adibiderik deigarriena Fernando Alonsorena da. Atzeko gurpiletara 450 zaldi igortzen dituzten auto hauek 1 Formula baino segundo eta erdi mantsoagoak izan dira Monacon aurten. Ez dira, hortaz, paseorako autoak.Goi mailako gidarien kategoria bat da, goi mailako autoak dituena eta goi mailako zirkuituetan korritzen duena. Halako zerbaitera ohitua ez dagoen toki herri batera iritsi da, eta zerbaitek esaten dit egokitzea kosta egiten zaigula. Batzuek, sortzen dituen eragozpenak ikusiko dituzte, beste batzuek, ordea, eskaintzen duen ikuskizuna. Zarata batzuentzat, doinua besteentzat.Proiektu hau ez da 2005erako, urteroko zita bilakatu behar baitu. Monaco 1 Formulako Sari Nagusirik garrantzitsuena da, Bilbo baino hiri askoz zailagoan antolatzen dena. Zirkuitua alonsomania-ren aurretiko ideia da, eta horrenbeste euskaldunek haren alde egiten duten artean, Epsilon-Euskadi taldea gidari euskaldunik gabe ere bertako lagun askoren lanbide izanik, ezezaguna da askorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.