ANALISIA. EUROLIGA. Lauko Finalean gertatzea ere...

Jon Rejado.
2006ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Sazka Arenan gertatutakoa arrazoitu ezinik. Horrela jarraitzen dute H(ondamendi) Eguna pasatu eta bi egunera, jokalariek, jarraitzaileek, kazetariek... Tauk hartu zuen kolpea gogoangarria izan zen. Non eta Lauko Finalean. Zeinen eta Maccabiren aurka. Moskun lortutakoa hobetzeko itxaropenak hamabi minutuan desagertu ziren. Zergatik? Hamaika arrazoi eman izan dira dagoeneko gertatutakoa azaldu nahian, baina gutxik dute sinesgarritasuna. Argi dagoen gauza bakarrenetakoa honakoa da: Baskoniako jarraitzaileek ez zuten izan denborarik ezta tonto aurpegiarekin gelditzeko ere.

Kirolaren munduan ezer berririk esatea zaila da. Dena den, egon badaude pare bat esaldi Tauren egoera aztertzeko baliogarriak direnak. «Zenbat eta gorago heldu, orduan eta gogorragoa izango da kolpea». Lauko Finaleko finalerdia altuera polita da, ezin da ukatu. Tau erori zela ere, tamalez, agerikoa da.

Egoera hoztasunez aztertuz gero, ondorio baikor batzuk ateratzea badago. Lauko Finalera heltzea talde gutxiren esku dagoela, hori lortzearekin askok denboraldia paregabetzat joko luketela... Irakurketa baikorrak, ordea, bertan bukatzen dira, partida hasi arte. Tau erabat desagertuta egon zen kantxan. Boladaka, gainera, jokalarien arteko liskarrak ikusi ziren, eta, neurri batean, ulertzekoa da. Tauk ondo jokatzen duenean denek dute baloia eskuetan. Denak dira garrantzitsuak. Maccabiren aurka, ordea, banakotasunak izan ziren nagusi.

Hori izan daiteke ostiralean gertatutakoa ulertzeko bidea. Panathinaikosen aurka ikusi zen azken aldiz talde sendoa. Hortik aurrera, ACB Ligan, jokalariak bakarka aritu ziren. Erdoganek, berak bakarrik apurtu zuen Bilbo Basketen aurkako norgehiagoka. Manresaren eta Fuenlabradaren aurka, ordea, galdu egin zuen. Dinamika horretan sartuz gero, zaila da aldatzea. Are zailagoa partida bakarrean. Ezinezkoa, aurrean Europako talde indartsuenetako bat duzunean.

Ivanovicentzat, gogaikarria izatetik gertu egon arren, partida bakoitza final bat zen. Taldeak berak hori islatzen zuen. Baina oraingoan ez da hori gertatu. Errua pertsona bakarrari leporatzen saiatu da baten bat. Errua, ordea, denena da. Agintariek ez zuten jarrera beherakada moztu. Perasovicek ez zuen hori zuzendu. Jokalariek profesionaltasun gutxi erakutsi zuten. Hedabideak Pragako garagardoarekin amesten zeuden (kar, kar)...

Kolpea handia izan da. Baskonia nabarmen erori da. Baina «indartsuena ez da erortzen ez dena, behin erorita altxatzen dena baizik». Tauk gainbeherak izan ditu izan duen gorakako bidean. Herenegungoari gainbehera deitzea gehiegizkoa izan daiteke. Zerbait puntuala izan zen. Dena den, etorkizunera begira gauza gutxi batzuk aldatzeko baliogarria izan daiteke. Talde berriak zituen partaide berriak behar bezala kokatzeko baliogarria izango da.

Pena da, ordea, Lauko Finalera heldu behar izatea taldeari azken zertzeladak emateko. Atenasen izan beharko du!

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.